Azaroaren 29an egingo da IV. Enplegunea Lehiberrin

Tolosako Udala
2017/11/28 | Ekonomiaren sustapena

Datorren asteazkenean, azaroaren 29an, Enplegunea egingo da  Lehiberrin, 4. aldiz. 80 lanpostu inguru egongo dira aukeran, haietatik 35 diruz lagunduak, eskualdeko langabeentzat. 

Tolosako Udalak, eskualdeko udal guztien izenean, eta Tolosaldea Garatzenek elkarlanean, eta Lanbideren finantziazioarekin martxan jarritako Eskualdeko Enplegu Programaren barruan, Tolosaldeko laugarren Enplegunea egingo da hilabete honetan. Honako hau azaroaren 29an gauzatuko da Lehiberri zentroan. Bertan aurrez aurre jarriko dira langile berriak kontratatu nahi dituzten eskualdeko enpresak eta lan bila dabiltzan Tolosaldeko herritarrak.

Enpleguneren helburua izango da 80 langabetutik gora lan merkatuan sartzea. Hori dela eta, egitasmoaz herritarrei zuzenean informatzeko hainbat saio informatibo antolatu dira. Orotara bi saio informatibo izan dira (azaroaren 17 eta 20an), eta bertan prozesuaren eta lanpostuen inguruko azalpenak eman zizkieten Enplegu zerbitzuko teknikariek, bertaratutakoei. 

Kontratazioak abenduan egin beharko dira eta sei hilabeteko luzapena izango dute gutxienez laguntza jaso dutenak. Bestalde, lanaldi osokoak izango dira kontratuak. 

Prospekzio lanak amaituta

Tolosaldea Garatzenek egin du prospekzioa, hau da, programan parte hartzeko interesa izan zezaketen enpresak bilatzen aritu da. Tolosaldean kokatuta dauden enpresek dute lehentasuna programan eta honakoei kontratuen kostuaren (gizarte segurantza eta soldata) % 75a arte finantzatuko zaie (gehienez 6.000 euroko laguntza izango da). Honetaz gain, aipatzekoa da ere, kontratuak enpresarentzat enplegu sorrera garbia suposatuko duela, eta horrela egiaztatu beharko dutela dagokion tokian.

Udalentzako lanpostuak

Aurten udalerako 14 lanpostu finantzatuko dira enplegu planaren bitartez eta eskualdeko udaletan dituzten beharrak erantzuteko erabiliko dira kontratazio hauek.

Zalantzaren bat izanez gero eta saio hauetara joan ezin badu norbaitek emailez eta telefonoz ere egin ditzake kontsultak: 943 654 501 edota lan@tolosaldea.eus -era idatziz.