Tolosaldeko 11 udalerri NIREA akordiora atxikitu dira "Jan Tolosaldea" proiektuaren bidez

Tolosako Udala
2017/12/15 | Ekonomiaren sustapena

Tolosaldeko Anoeta, Zizurkil, Orexa, Berrobi, Aduna, Tolosa, Asteasu, Abaltzisketa, Ibarra, Amasa-Villabona eta Berastegiko udalak NIREA egitasmora atxikitu dira Tolomendi Landa Garapeneko Elkarteak sortu eta bultzatutako "Jan Tolosaldea" proiektuaren bidez. Tolomendi NIREA sarearen kidea da eta programaren eragile sustatzailea da. Atxikimendu ekitaldia Tolosako Topic-ean ospatu da.

“Jan Tolosaldea” proiektuak 11 udalerriren konpromisoa jaso du, Tolosaldeko Landa Garapeneko Agentziaren ildo estrategikoen baitan, eta bere helburua da udalek landa eta nekazaritza ingurune jasangarrien garapena bultza dezaten lortzea. “Jaten duguna gara” dioen filosofian oinarrituta, planak elikadura jotzen du gizartearen garapenaren bultzatzailetzat. Horregatik, “Jan Tolosaldea” proiektuaren helburuen artean daude landa ingurunea zaintzea, bertako elikagaiak babesteko, bertako produktuen azokak areagotzea, eskualdeko elikadura sistema eraldatzea, eta inguruko elikadura sistemako eragileen elkarlana sustatzea. Arrazoi hori tarteko, gaur udalek hartu duten konpromisoak izaera estrategikoa dauka.
 

Tolomendi LGE NIREA programaren eragile sustatzailea

Tolomendi Landa Garapeneko Elkartea NIREA sarearen kidea da. Sentsibilizazio eta koerantzukizun proiektuen bitartez bultzatzen du sarea, eta erakunde berriak bertara atxikitzea bultzatuz, konpromiso zehatzak hartuz.

NIREA lankidetza publiko-pribatuko programa bat da, zeinak Lehen Sektorearen sustapena eta Landa eta Itsasertza Biziberritzea duen azken helburutzat, protagonistak Euskadiko lehen sektorea eta landa eta itsasertzeko ingurunea osatzen duten pertsonak izanik.

NIREA eragile sustatzaileen sare moduan egituratzen da, non misio bera partekatzen duten Euskadiko eragile sektorialek eta lurralde eragileek bat egiten duten (nekazaritza sindikatuak, LGAk, Eusko Jaurlaritza, Kudeaketa Zentroak, tokiko elikadura sistemak bultzatzen dituzten GKEak…).

Azken urteetan, NIREA txapelaren pean hainbat esparru eta langune sortu dira EAEko beste agintaritza eskumendun batzuekin, tokiko azokak bultzatzeko, gastronomia lantzeko lehen sektorearen traktore moduan, erakundeen arteko plan estrategikoak garatzeko (GEPE, EILP, plan sektorialak…). Maila sektorialean, hainbat mahai eta foro ezarri dira azpisektore edo nekazaritzako elikagai zehatzei lotutako eragileek parte hartzeko. Halaber, koerantzukizun enpresariala ere bultzatu da, NIREA konpromisoaren “sinadurak” sustatu eta dinamizatzeko. Eta lehen sektorean eta landa eta itsasertzaren ingurunean lankidetzan jarduteko sareak eta tresnak sortu eta dinamizatzeko lan egin da.