Euria egin arren, iñauteri giroa izan da nagusi Tolosako kaleetan

Tolosako Udala
2018/02/14 | Kultura, Gazteria, Jaiak
  • Lehen balorazio azkarra burutu du Udalak; gaur, otsailak 14, asteazkena, gauzatuko da, iñauterietako eragileekin bat, balorazio orokorra.
  • Udalak iñauterien balorazio positiboa gauzatu du, ezbehar azpimarragarririk gabea, eta herritarren inplikazioa, egindako lana eta parte-hartzea nabarmendu eta eskertu du.

Behin iñauteri ondorengo asteazkenera iritsita, balantzea egiteko unea da. Zantzu orokorretan, Udalak balorazio positiboa gauzatu du 2018ko iñauteriekiko: kaleak iñauteri giroz, jendez, musikaz eta umorez bete dira eta ez da gertakari larririk jazo. Horrexegatik, Udalak, tolosar guztiei egindako lana eskertu die, eta egunez egun, eguraldia lagun izan ez bada ere, jarritako ilusioa eta iñauteriaren parte izateko egindako ahalegina azpimarratu. Baita, eskerrik beroena iñauteriak era egokian garatzeko, era batera edo bestera, lanean ibili diren guztiei.

Ostegun Gizenarekin abiatu ziren 6 egunez luzatu diren iñauteri egunak. Berazubiko karrozak bota zuen suziria, aurtengo Kabi Alai Kuttuna, eta astearteko ordu txikiak bitarte ez da itzali. Bereziak izan dira txaranga ugariren hotsak, urteurren borobilak bete baitituzte gure kaleak musikatzen. Baita danborradako unea ere, aurtengoan eraberrituta, eta Danbor Nagusiak, Karlos Muñoak, danborradan betetako 46 urteak gogora ekarriz.

Urteroko eran, ideia berritzaile bezain gogoangarriak plazaratu dituzte tolosarrek osatutako karroza eta koreografietan. Guztira 77 karroza eta konpartsek hartu dute parte lehiaketan.

Aurten, lehenengoz, Rondilla kalea eta San Francisco pasealekutik haratago, Oria kalean, Nafarroa etorbidean eta Foruen etorbidean kokatu dira karrozak. Gaur, otsailak 14, gauzatuko den balorazio bilera irekian jorratuko da gaia. Hirugarrenez, geldirik egon dira.

Ez da istilu azpimarragarririk izan

Udaltzaingoak 60 abisu jaso ditu dokumentazio galeragatik eta mugikorren eta karteren lapurreta/galeragatik. 40 kartera eta 5 mugikor izan dira aurkitutakoak.

Liskarretan inplikatuak eta identifikatuak 20 izan dira.

Herriko 5 saltokitan ere kalteak izan dira; gehienak kristal apurketak.

Alor sanitarioko datuak batzen ari gara.

Jai berdinzaleak

Berdintasunaren alorrean, 'Tolosak, EZETZ!' kanpaina abiatu zuen Udalak iñauteri aurretik, leloarekin bat zetorren spota garatuz, txapak banatuz eta zerbitzuen sektorearekin lan eginaz. Ostiral honetan, otsailak 16, Karroza/Konpartsa berdinzaleena sarituko da.

Ondo pasa, pasa gabe!

Gazteei alkoholaren kontsumoak dituen arriskuetaz ohartarazteko asmoz, Udalak lanketa berezia egin du iñauteri hauetan. Hala, Gipuzkoako ikastetxetako ikasle eta guraso guztiei gutun bat helarazi zaie, non astelenitan sortzen den egoeraren inguruan berri eman eta aktuazio irizpide lagungarri batzuk eskeini zaizkien. Ez da kasu larririk jazo.

Ai Laket-eko teknikariek eta Inmakulada ikastetxeko ikasleek kaldererotan eta astelenitan egindako eskuhartzea ere positiboki baloratu du Udalak.

Zarata

Musikaren bolumenarekiko Udalak hartzen dituen neurriak ugariak dira, batez ere karrozen bolumena neurrikoa izan dadin txarangen pasabidean. Aurten, estreinakoz, bi orduko tartean, karrozek musika itzali dute txarangen doinua nagusi izan zedin herrian, eta doinu ezberdinen arteko harmonia lortu da. Aurrerapausu bat izan da eta Udalak gaia karroza eta korpartsen elkarte sortu berriarekin jorratzen jarraitzeko helburua du.

Kaleak garbi

Kale garbiketari dagokionez, berriz, 452.000 litro ur eta 500 litro desinfektante usaindun erabili dira kaleak garbitzeko.

Hondakin bilketa berezia izan da egunotan, eta edukiontzi gehiago zein puntu berriak ezarri dira. Kalean 159 m3 hondakin jaso da 6 egunotan.

Kale garbiketan aritu diren 39 langileen lana azpimarratu du Udalak eta baita lantaldearekiko herritarrek izan duten kolaborazioa eta begirunea ere.

Garraio publikoaren erabilpen zabala

Trena eta autobusa izan dira iñauterietako garraioa. Nahiz eta Tolosaldea Buseko langileak greban izan, ezarritako gutxieneko zerbitzuak bete dira eta erabilpena zabala izan da.

Autoz etorri direnek parkinak erabiltzeko aukera izan dute.

Aipatu ere, Tolosako Udalak 12 trafiko laguntzaile kontratatu dituela. Eskertzekoa burutu duten lana.

www.tolosa.eus -en eta Udalaren sare sozialetan iñauterien jarraipen osoa gauzatu da

Iñauterien jarraipen zabala egin du Tolosako Udalak: ekimen gehientsuenen jarraipena egin da eta Udal Musika Bandaren kontzertua, txupinazoa eta diana zuzenean eskaini dira www.tolosa.eus -en eta Udalaren komunikazio kanal orotan. Baita 'Tolosako iñauteriak' youtubeko kanalean eta sare sozialetan ere (twitter, facebook eta instagram). Seinale instituzional gisa eskaini da eduki oro, munduan barrena jaia zabalduz. Iñauterietan egin bezalaxe, herritar nahiz bisitariak #TolosakoIñauteriak traola erabiliz edukia elkarbanatzera gonbidatzen ditugu.

Jendearen iradokizunak jasotzeko prest

Interesa duen orok bere iritzi edo iradokizunak gaur arratsaldean, otsailak 14, arratsaldeko 19:30etan Kultur Etxean burutuko den balorazio bilera irekian egin ditzake edota Kultura, Gazteria eta Jaien zinegotziari zuzenean idatziz honako helbidea erabiliz: kulturetxea@tolosa.eus.