Babarruna, izar bere jaian

Tolosako Udala
2017/11/18 | Merkataritza, Feriak eta Turismoa

Eguraldia lagun, giro aparta izan da Tolosa erdigunean. Jaiak jarraipena du arratsaldean eta bihar egun osoan zehar.

Euskal Jaiak, Ekoizleen lehiaketak eta azoka bereziak jende andana ekarri dute Tolosara. Goizean goizetik, Tolosako babarrunaren 21 ekoizleen babarrunak sutan zirela, azoka berezian, 24 postu ezarri dira Trianguloan.

12:30ak aldera ezagutu da aurtengo Tolosako Babarrun onena zein den: Albizturgo Alberto Labakarena. Bigarren eta hirugarren saria Legorretako Joxe Mujikak eta Zumaiako Jose Mari Aramendik eskuratu dute, hurrenez hurren. Babarrunak, Roberto Ruiz (Frontón); Peio Doyharzabal (Astelena); Felix Belaunzaran (Iriarte) eta Txemari Esteban (Botarri) sukaldariek prestatu dtuzte.

Haurkizunarentzat izan da aurtengo enkantea. 1500 eurotan eroski du aurtengo babarrun irabazlearen 3 kiloko zakua Karela tabernak. 2015ean eta 2016an bezalaxe, Haurkizuna Fundazioak Ekuadorren martxan duen gizarte garapen proiektu bati lagunduko zaio enkantearekin lortutako diruarekin.

Gainera, San Blas elkartearen odolki lehiaketa, bigarrenez, Babarrun Festarekin batera ospatu da. Guztira, 14 odolki ekoizlek hartu dute parte. Lehen saria Beasaingo Olano harategiak eskuratu du eta bigarrena Ezkio-Itsasoko Jesus Maria Debak.

Bestalde, Babarrun Kofradiarekin elkarlanean burututako Euskal Jaien bigarren edizioak hartu ditu Tolosako kaleak. Erraldoi eta buruhandiak kalejiran atera dira eta Udaberri Taldeak kalejiraz gain, dantza ikuskizuna eskaini du Triangulo Plazan.

IX. Euskal Herriko Frisoi Txapelketa ere hartu du Ferialekuak.

 

Arratsaldean musika eta kirola protagonista; bihar Gure Kaiola eta sukaldariak

Arratsaldeko 19:00etan Beotibar pilotalekuan, emakume rakestisten partidua eta omenaldia izango dugu “raketistak lehen eta orain” lelopean. Kiniela modalitatean ariko dira Larrarte, galdos, Irazustabarrena, Muneta, Mendizabal eta Saez raketistak. Partida jokatuko dute Irazustabarrena-Saez vs Muneta-Mendizabal. Eta Izaskun Ayestaran (Ibarra) eta Rosa Soroa (Elduain) raketista ohiak omenduko dira. Horrekin batera, Frontoi tabernan raketisten inguruko 22 panelez osatutako erakusketa egongo da ikusgai. Tolosa, Elduaien eta Ibarrako Udalek bultzatu eta "Raketistak Lehen eta Orain" elkarteak antolatua izan da.

19:00etan ere, kantu jira izango da Benta Zaharreko Mutiko Alaien eskutik tolosako kaleetan. Eta musikarekin jarraituz, 23:30etan Iraunkorrak txaranga ibiliko da Tolosako kaleetan zehar.

Igandean berriz, sukaldariak protagonista, Gure Kaiola elkarteak antolatutako lehiaketa gastronomikoa eta bazkari herrikoia tarteko. Tolosa zein gure mugetatik haratagoko 28 sukaldarik hartuko dute parte lehiaketan. Ondoren, 500 lagunentzako babarrun jana izango da Zerkausian. 31. edizioa izango da aurtengoa. Gure Kaiolarekin harremanetan jartzeko bazkarirako: 600 859 683; gurekaiola@hotmail.com.

 

Argazki galeria