Zuhaitz azoka larunbatean, otsailak 24, Tolosan

Tolosako Udala
2018/02/20 | Merkataritza, Feriak eta Turismoa

  • Euskal Herri osotik etorritako 16 mintegi egongo dira Trianguloa plazan 08:00etatik 14:00ak bitarte.

  • Blasenea mintegiaren eskutik, hazi eta landare landatze tailerra izango da 11:00etatik 12:30etara Trianguloan bertan.

 

Zuhaitzak, zuhaixkak, landareak, haziak, barazki landare ekologikoak... izango dira protagonista 2018ko lehendabiziko azoka berezi honetan.

Euskal Herri osotik etorritako 16 mintegi egongo dira larunbat honetan, otsailak 24, Trianguloa plazan. 08:00etan hasiko dira goiztiarrenak beraien postuak jartzen eta 14:00ak arte egongo dira bertan. Parte-hartzaileen artean, aipamen berezia merezi dute urtarriletik martxora bitarteko 2. eta 4. larunbatetan ere, hutsik egin gabe, Atadi kalean egoten diren mintegiek: Arakama (Zegama) eta Dorronsoro (Ataun). Datorren larunbatean ere hor izango dira beraien produktuekin, baina hori bai, ez ohiko beraien txokoan, Trianguloan baizik.

Fruta arbolak (limoiondoak, laranjondoak, sagarrondoak…) baso landareak (pinuak, pagoak, haritzak…), apaingarriak, zuhaitzak eta zuhaixkak ekarriko dituzte larunbateko azoka berezira.

Egun hau landare eta zuhaitz mota ugari ikusi eta erosteko aproposa izateaz gain, haiei buruzko zehaztasunak galdetzeko ere egokia da. Izan ere, gustura erantzuten diete mintegietako arduradunek bertaratutakoen kezka eta galderei.

Horrez gain, Blasenea mintegiaren eskutik, hazi eta landare landatze tailerra izango dugu 11:00etatik 12:30etara Trianguloan bertan.

 

Mintegi parte hartzaileak

  • Arakama anaiak: Zegama (Gipuzkoa)
  • Aranburu: Aginaga (Gipuzkoa)
  • Areitio: Zaldibar (Bizkaia)
  • Belar: Zaldibar (Bizkaia)
  • Blasenea: Zarautz (Gipuzkoa)
  • Dorronsoro: Ataun (Gipuzkoa)
  • El montañes: Tafalla (Nafarroa)
  • Guillen: Pueyo (Nafarroa)
  • Urkizu: Anoeta (Gipuzkoa)
  • Txomin Bilbao: Kortezubi (Bizkaia)
  • Artadi: Igorre (Bizkaia)
  • Sairu loreak (Urtinea): Usurbil (Gipuzkoa)
  • Zurlan: Anoeta (Gipuzkoa)
  • Zubialde: Beintza-Labaien (Nafarroa)
  • Lurberry: Zarautz (Gipuzkoa)
  • Ortuberri: Iurreta (Bizkaia)

 

Larunbateroko azokak ez du hutsik egingo

Triangulo plazan soilik ez, udalerriko beste hainbat gunetan ere erosi ahal izango dituzte herritar zein bisitariek, bertako produktuak. Alde batetik, Zerkausia, inguruko baserritarrek larunbatero bezala beraien produktuak ekarriko dituzte, baratzetik zuzenean, edonork goza ditzan. Besteak beste, urte garai edo sasoi honetakoak: azaloreak, brokoliak, bruselako azak eta eskarolak. Bestetik, Berdura plazan, loreak eta landare haziak izango dira salgai. Azkenik, era guztietako produktuak Euskal Herria plazan.