Hasi dira Berazubi eta suhiltzaile-etxeko biribilgunearen arteko irisgarritasuna hobetzeko obren 2. eta 3. faseak

Tolosako Udala
2018/02/21 | Obrak, Zerbitzuak, Auzoak

  • Obrak hiru fasetan egiten ari dira: lehenaren aurrekontua 370,122 eurokoa izan zen; bigarrenaren eta hirugarrenaren aurrekontu osoa izango da 123.551,10 € (BEZa barne).
  • Fase bakoitzean, dagokion eremuan, espaloiak zabaldu eta, oinezkoen segurtasuna bermatzeko eta zirkulazioa hobetzeko, argiteria publikoa, euri-ureen sarea eta seinalizazioa ari gara berritzen eta pintaketa-lanak egiten.

 

Proiektuaren helburua da oinezkoen bidea hobetzea eta zirkulazioa erraztea Amarotz eta Berazubi auzoen artean, horixe baita Amarozko bizilagunek Tolosako erdialdera joateko gehien erabiltzen duten bidea. Gainera, obra hauekin Martin J. Iraola kalearen eta Kondeaneko aldaparen arteko lotura hobetzen ari gara. Obra hiru fasetan egiten ari da:

  1. fasea: Berazubiko biribilgunea – Iurreamendiko egoitzaren sarrera.
  2. fasea: Iurreamendiko egoitzaren sarrera – suhiltzaile-etxeko errotonda.
  3. fasea: Berazubiko biribilgunearen eskuineko espaloia.

2. eta 3. fasean, lehen faseko lan berberak egingo dira, baina fase horiek hartzen dituzten tokietan (2. fasea: Iurreamendi egoitzaren sarrera – Suhiltzaile-etxeko biribilgunea. / 3. fasea Berazubiko biribilgunearen eskuineko espaloia).

Martin J. Iraola kaleko beheko aldean, Berazubiko biribilgunearen eta Iurreamendi pasealekuarekiko elkargunearen artean, galtzadaren zabalera murriztu da, 7 metrotik 6ra, lehen fasean egindako eskuineko espaloiaren mesedetan (3,5 metrokoa). Oinezkoen zirkulazioaren hobekuntza egingo da, funtsean, espaloien zabalera handituta. Horrek, oinezkoen zirkulazioa erosoago egin ez ezik, bide-segurtasuna hobetzen ere lagunduko du, ibilgailuen abiadura motelduko du eta. Ezkerreko espaloia berritzea ere aurreikusten da, eta berrikuntza horretan oraingo argiteria-sarea sartuko da: beraren ordez kaleko luminaria eraginkorrago eta modernoago bat jarriko da. Espaloiaren bukaerako zatian (Kondeaneko aldapa aldera), espaloia bere zabalera guztian egin ahal izateko, euste-horma bat eraikiko da Kondeaneko aldaparen eta Martin J. Iraola kalearen arteko ezpondan.

Iruña Hiribideko espaloiari dagokionean, berriz, zabalera handituko da bertan dagoen parterrearen aldetik, zati guztian 3,00 metroko zabalera lortu arte. Saneamendu-sarea ere berrituko da.

Obra hauen aurrekontu osoa izango da 123.551,10 € (BEZa barne): bigarren fasearena, 55.439,02 €; hirugarrenarena, 54.560, 27 €; eta Gipuzkoako Urak enpresak egin beharreko obrena, 13.551,10 €.


Lehen fasea eginda dago

Lehen fasea 2017ko urtarrilean hasi eta uztailean bukatu zen, hau da, gutxi gorabehera 6 hilabeteko iraupena izan zuen. Fase horretan, neurri nagusia izan da espaloiak zabaltzea, oinezkoen zirkulazioa hobetzeko Martin J. Iraola kaleko beheko zatian, Berazubiko biribilgunearen eta Iurreamendi pasealekuarekiko elkargunearen artean, galtzadaren zabalera murriztu da (7 metrotik 6ra), eta eskuineko espaloia zabaldu da (orain 3,5 metro ditu, lehengoak baino metro bat gehiago). Horri esker, oinezkoak errazago ibili ahal izango dira. Bide-segurtasuna ere hobetu da, ibilgailuek abiadura moteldu beharra daukate eta.

Gainera, Martin J. Iraola kalearen eta Kondeaneko aldaparen arteko lotura hobetu da, malda gutxituta eta tokiz aldatu den biribilgunearen erradioa handituta.

Argiteria publikoa ere berritu da eta euri-ureen sare berria egin da. Horretaz gain, errepideetako seinalizazio horizontala eta bertikala gaurkotu dira eta oraingo barandak pintatu, tokiz aldatu gabe, ordea.

Lehen fase hau burutzeko aurrekontua izan da 370.122 euro, eta obrak sei hilabeteko epean amaitu dira.