2017ko Topaketa

Joan den otsailaren 6an, Tolosako Jabetze Eskolaren topaketa bat ospatu zen Kultur Etxeko Topagunean, Berdintasun Udal Sailak bultzatuta.

2009. urtean hasi zuen bere ibilbidea eskolak. Azken urteotan progresiboki sendotzen joan da, eta, ondorioz, 255 matrikula burutu ziren iaz.

Ibilbide honen aurrean, topaketaren helburu nagusiak izan dira urte desberdinetako partaideak elkartzea, Eskolan bizitutako esperientzia aberasgarrien inguruan hausnartzea, emakumeen arteko harremanak eta sareak indartzea, eta hobetzen joateko iradokizunak jasotzea.

Tolosako Udaleko Berdintasun sailak Berdintasun Batzordeko kide batzuek borondatez ekimen horren antolaketan eta dinamizazioan, Berdintasun Saileko eta Tolosaldea Garatzeneko Migrazio eta Aniztasun Saileko teknikariekin elkarlanean, egindako lana azpimarratu dute. Era berean, saioan parte hartu zuten ere Batukadako bi irakasleek, Euskal Herriko Batukada Feminista Sarearen ikus-entzunezko bat aurkeztuz.

Jabetze Eskola gune bat da genero desberdintasunez hausnartzeko eta prestakuntza jasotzeko. Espazio honetatik, berdintasunezko gizartea lortzeari begira, emakumeen banaka eta taldekako autonomia eta jabetze prozesuei laguntza ematen zaie, eremu publikoan euren partaidetza indartzeko.

Hitzaldi, tailer eta ikastaroen bitartez, askotariko gai eta dinamikak jorratzen dira Eskolan, besteak beste: autoestimu, emozioak eta jabetzea; indarkeria sexistaren aurkako estrategiak; emakumeen literatura, arte eta kultura; buru eta gorputz osasuna; emakumeen eta mugimendu feministaren historia eta aztarnak; partaidetza, komunikazio eta lidergoko estrategiak; ekonomia eta enplegurako tresnak …

Adin, giza egoera, sinesmen eta kultur jatorri askotariko emakumeak erakartzen ditu Eskolak. Zenbait jarduera berdintasunezko maskulinitateak eraikitzean interesa daukaten gizonei ere eskaintzen zaizkie, eta baita ere herritar guztiei zuzendutako berdintasunaren aldeko ekintza irekiak antolatzen dira.