Tolosa klima 2050

ALDAKETA KLIMATIKOARI AURRE EGITEKO TOKIKO PLANA

Tolosako Udalak lanean dihardu Tolosa jasangarriagoa bihurtzeko, tokikotasunetik energia eta klima trantsizioari erantzuteko helburuarekin. Zentzu horretan, azken urteetan hainbat konpromiso hartu ditu Udalak:

  • Klima-aldaketaren aurka egiteko udal-ordenantza onartu zen 2009an.

  • Alkateen Ituna sinatu zen 2011ko martxoan. Europako egitasmo honekin bat eginez, Tolosak 2020. urterako Berotegi Efektuko Gasen isurpenak, gutxienez %20an murrizteko konpromisoa hartu zuen, energiaren kontsumoa %20an gutxitzeko eta energia berriztagarrien erabilera %20an handitzeko.

  • Energia Iraunkorrerako Ekintza Plana onartu zuen Udalak 2012 urtean, hartutako konpromiso horiek betetzeko helburuarekin. Bertan bildutako 60 ekintzen bidez, 2020 urterako Berotegi Efektuko Gasen (BEG) emisioak %23,5 murrizteko konpromisoa hartu zuen.

Hori horrela, gizakion ingurumen aztarna murriztuko duten politika publiko berdeak sustatzeko, eta tokikotasunetik energia eta klima trantsizioari erantzuteko, hainbat egitasmo, ekintza eta proiektu abiarazi ditu Udalak azken urteetan. Esaterako, Tolosa Badabil Mugikortasun Jasangarrirako Plana garatu, onartu eta abiarazi da, bertan jasotako ekimenak martxan jarriz, eguzki plakak jarri dira ferialekuan, martxan da zero emisioko autobus elektriko bidezko Hiribus zerbitzua eta udal eraikinen auditoria energetikoaren inguruko plana garatzen ari da Udala. Ekintza hauen artean kokatzen da, baita ere, Aldaketa Klimatikoari aurre egiteko Tokiko Plana. 

 

Plan honen bidez, Tolosak urrats bat gehiago emango du aldaketa klimatikoari erantzuteko bidean, izan ere, aldaketa klimatikoak Tolosan izan ditzaken eraginak identifikatu dira, eta horiei aurre egiteko ekintzak zehaztu dira.

 

Egin zure ekarpena

Aldaketa Klimatikoari aurre egiteko Tokiko Planaren zirriborroa aurkeztu du Udalak, hau da, ez da bertsio definitiboa. Tolosarrek eskuragarri dituzte dokumentu guztiak eta ekarpenak egin ditzakete ondorengo galdetegia betez: