Mugi Tolosa

Mugi Tolosa egitasmoak ekainean amaitu zuen hirugarren edizio arrakastatsua, festa eta opari banaketa tarteko, eta datorren urriaren 4an ekingo dio ikasturte berriari. 8 izango dira ibilbideak oraingoan ere, eta sedentarismoari bizkar eman eta ohitura osasuntsuak lortzeko daude diseinatuak.

Honelako ibilbideek gainera, inguruko jendearekin erlazionatzeko aukera ematen dutela nabarmendu dute antolatzaileek. Hori sustatzeko, ohiko moduan, bi hitzordu ezarri dira aurtengoan ere: asteazkenero 10:30ean eta 11:00etan Zerkausian. Egun bakoitzean antolakuntza elkarte ezberdinen eta Udalaren artean elkarbanatuko da. Parte-hartzaileei txartel bana emango zaie, eta itzuli bakoitza egitean zigilua ezarriko zaie.

Azken ikasturtean 31 irteera egin ziren, guztira 345 laguneko parte hartzearekin (iaz baino 63 gehiago). Bataz bestekoa 135ekoa izan da: 172 lagun azaldu dira egun onenean (19. irteeran) eta 59 (15. irteeran) egun kaxkarrenean. Cristian Fernandez, Tolosako Udaleko Kirol zinegotziak azpimarratu duenez, generoaren ikuspegitik, % 65 emakumeak izan dira eta gelditzen den % 35a berriz, gizonak: “adinaren arabera esanguratsua da 75 urtetik gorakoak parte hartzaileen % 25 izan direla 2016/17 denboraldian”. Aldi berean, boluntarioen lana azpimarratu du eta ikasturte berrian ere ibili ahal izateko laguntza behar dutenek parte-hartzeko aukera izango dutela gogorarazi du: “izan ere, boluntario moduan arituko dira hainbat talde eragiletako kideak: Iturriza, Harizpe eta Beti Gazte jubilatu elkarteak; Ilarki elkartea, Goienetxe Fundazioa, Gurutze Gorria, Iurramendi Egoitza, Uzturre Asistentzia Gunea, Osasun Publikoa, Osakidetza eta Nagusilan . Eta babesle edo patrozinatzaile guztiak. Egiten duzuen lan bikainarengatik eskerrak eman nahi dizkizuet”.

Patxi Amantegi alkateordeak ere boluntarioen lana nabarmendu du, bereziki gazteenena: “pare bat ikasturte daramatzagu Herrikide ikastetxeko ikasleekin elkarlanean; iaz Laskorain ikastola eta Inmakulada ikastetxea hasi ziren parte hartzen. Aurtengoan ere gurekin izango dira, partaideek, haurrek zein helduek, oso positibotzat jo baitute. Argi dago Herrikide, Laskorain eta Inmakuladaren lankidetzari esker Mugi indartu egin dela”. Hori horrela, gainerako ikastetxeei ere parte hartzeko gonbita egin die.

 

8 ibilbide

Motzenak 543 metro ditu eta luzeenak, berriz, 7 kilometro. Guztiak iraupen eta parte-hartzaileen gaitasuna kontuan hartuta daude diseinatuak, betiere Tolosako hirigunean eta irisgarritasuna bermatuz. Amantegik adierazi du Nafarroa etorbideko eraberritzeak, esaterako, aukera berriak zabalduko dituela.

1. eta 2. ibilbideak

3. eta 4. ibilbideak

5. eta 6. ibilbideak

7. eta 8. ibilbideak

#


EranskinaTamaina
PDF icon Egutegia MUGI 17-18 ikasturtea24.58 KB