Koadrilen eguna

Dagoeneko 25 urte joan dira Tolosako hainbat lagun koadrilen egunaren inguruan biltzen hasi ginenetik.

Garai haietan Sanjoanetan inguruko gazte gehienak Hernani aldera joaten ginen parrandara, hala ere, bagenuen Tolosako San Joan jaietan parte hartzeko nolabaiteko irrika.

Tolosako Sanjoanak festa serio eta ofizialak ziren, herritarren parte-hartzea oso mugatua zen eta gazteak ez ginen batere identifikatuak sentitzen. Eta horrelaxe hasi ginen guretzako festa, "gure festa" izango zena sortu eta antolatu nahian.

Lehen bilerak Udaberri dantza taldeak zuen lokal zaharrean egin genituen, bertan sortu ziren lehen proposamenak, jende artean sekulako indarra eta gogoa somatzen zen eta horrexek atera zuen aurrera Koadrila eguna.

Gurea, guretzat eta guk egina izango zen festa nahi genuen.

Horrelaxe jo genuen Udalera, herriko tabernariengana eta beste zenbait eragilerengana ere, eta denon artean atera genuen aurrera proposamena.

Horrelaxe antolatu genuen lehen egun hura, Oriako balsen jeitsiera, kalejira, jokuak, bazkari herrikoia, bazkalosteko txiste-bertso-jota inprobisatuak, arratsaldeko ginkana, gaueko kontzertuak, goizaldeko txokolatadak...

Nik uste partaide izan ginen gehienok dugula oroitzapen ona eta nolabait mugarria izan zela Tolosako koadrila ezberdinen arteko harremanak bultzatzeko eta koadrila egunari segida emateko.

Horrelaxe, era natural eta errezean sortu zen, gaur egun oraindik oso osasuntsu dirauen eguna, guretzat pozgarria da oso Euskal Herria plaza beteta ikustea, arratsaldeko giro paregabea, Mulanboren kalejira, oraindik ere lehen egunean bezalaxe gozatzen eta ospatzen dugulako eguna. Festaren egitura eta antolaketa aldatu eta gaur egungo ohituretara moldatu da, eta horrek erakusten du bizirik dagoela. Baina garrantzitsuena da festa egun bikaina dela eta hasierako izaera eta indarra izaten jarraitzen duela.

Beraz, bete ditzala beste horrenbeste urte, baita gehiago ere! Aurten ekainaren 27an ikusiko dugu elkar, gure blusa, kamiseta, txapel, betaurreko edota dena delakoarekin gurea den festa ospatuz eta gozatuz.

Ziur nago bertan ikusiko ditudala Peña Dupons, Hartu ta Sartu, Tripustelak eta bidelagun izan nituen beste asko ere, lehen eguna balitz bezala, ilusio berarekin, oraindik ere gurea dugun koadrila egunaz gozatuz.

Amaitzeko, gaur egungo antolatzaile eta bultzatzaileei esan, segi dezatela lanean bikain ari baitira. Baina adi! Ez ezazue garrantzitsuena ahaztu: Koadrila eguna guretzako eta guk eginiko festa dela.

Gora koadrila eguna eta gora San Joan jaiak.

Andoni Gorostidi