Haurren Hiria

“Haurrak kaleetatik desagertzeak herriari erabat eragiten dio:

 haur gabeko hiriak / kaleak okerragoak dira” (Francesco Tonucci)


- Herritartasuna jaiotzetik -

Sarrera

Egitasmo honen bidez, Tolosan bizi diren 8-12 urte bitarteko haurrei entzun nahi zaie, protagonismoa eman. Horretarako, haurren hiria proiektua gureganatu nahi dugu herriko neska-mutilei hitz egiteko aukera emanez. Hau da, helburu nagusietako bat da jakitea beraien ikuspegitik herria nola bizi duten. Eguneroko bizipenak abiapuntutzat hartuta eta kontuan izanda espazio publikoaren erabiltzaileak direla, zeresan handia dute eta beraien neurrira egokitutako hiribildua herritar guztientzat onuragarria izan daitekeelakoan gaude.

Hau bideratu ahal izateko, Haurren hiria nazioarteko proiektua oinarritzat hartuko genuke Tolosan Francesco Tonucciren (Italiar pedagogo ospetsu honek “La Cittá de i Bambini” nazioarteko proiektua bultzatu du) esperientzia abiapuntutzat hartuta. Proiektuak partaidetza du ardatz nagusi, non haurren parte-hartze aktiboa proposatzen den eta gizartegune komunak ikasteko gune inklusibo eta malgu bihurtu nahi dituen.

Erromako haurren kontseiluko gazte batek honakoa esan zion bere hiriko alkateari: “Etxetik ateratzeko baimena eskatu nahi diot hiriari”. Gogoetarako tartea ematen duen eskaera da. Hirietako espazioa antolatzeko erak txikienei kalte egin ziela uste zuen haurrak. Francesco Tonuccik Haurren Hiria proiektua abiatu zuen Fano (Italia) jaioterrian, eta ordutik, mundu osoko hamaika herri murgildu dira proiektu horretan. Baita Euskal Herriko hainbat herritan ere. Esperientziak jaso, zabaldu eta koordinatzeko asmotan, haurren hirien sarea osatu nahi da. Azken finean, “hiria oso deseroso bihurtu da gizonezko heldu eta langile ez direnentzat” Tonucciren esanetan.

Proiektu honetan haurrak hiriko protagonistak bihurtzen dira eta hiria fisikoki zeharkatzen dute beraien bizipenak azalarazten dituztelarik. Herriko neska-mutilen segurtasuna hartzen da marka gisa, hiri modernoen arazo larrienetako bat baita: segurtasun eza. Administraziotik arriskuak gutxitzen diren heinean, beldurra handitzen da: polizia, kamerak, oinezkoen bide “seguruak”. Haurrek, aldiz, presentzia handiagoa eskatzen dute, hots, hiribilduko espazio gehiago okupatzea. Haurrak kalean badabiltza, automatikoki halako elkartasunezko giro bat sortzen da eta kaleak seguruago bihurtzen dira.

Tolosari begira, proiektuak duela hamalau urte Mugi Hadi izeneko ekimenean izan zuen enbrioia. Hala ere, momentu hartan egindako saiakeran gelditu zen, nahiz eta bizpahiru ikasturtez luzatu. Eskolako Agenda 21 proiektua sortu zen momentuan, aurrekoa berri honetan diluitu zen eta ingurumen gaiak nagusitu ziren ikas-komunitatea inplikatuz. Oraingoan, bi proiektuen indarguneak ezagutuz, bien arteko sinergiak aprobetxa daitezkeelakoan gaude. Eskolako Agenda 21 proiektuak hezkuntzan eta ingurumenean ditu ardatz nagusiak eta Haurren Hiriak, aldiz, aisian eta hirian. Dena den, partaidetzan dute espazio komuna eta hainbat gaitan trukaketarako zubiak eraiki daitezke, besteak beste, mugikortasunean, jolastokien erabileran...

Helburuak

  • Tolosan eratzen ari garen parte-hartze sistemaren baitan neska-mutilen parte-hartzea bermatuko duen azpisistema osatzea, lehen unetik eta berengan eragina izan dezaketen gai guztietan aukera izan dezaten hitza hartzeko eta ekarpenak egiteko. Hau da, zeharkakotasuna helburu, ingurumena eta generoa aintzat hartzen diren bezala, haurrak eta beren nahiak eta beharrak aintzat hartuko dituen parte-hartze sistema osatzea.

  • Tolosako neska-mutilen parte-hartze prozesua sustatzea, beraien bizipenak herriko espazioen erabileran eskala-balore bihurtuz.

  • Haurrak herritar sentitzea. Subjektu sentiaraztea, komunitate baten zati direla ikusaraztea eta beraien hitzak garrantzia duela erakustea. Etorkizuneko herritarrak sortu nahi ditugu, kritikoak, askeak, parte-hartzaile eta interesdunak.

  • Tolosako espazio publikoaren banaketa haurren begietatik ikustea Udalak, eta etorkizuneko ildoetan kontuan hartzea.

  • Etorkizuneko herritarra baino gehiago herritartasuna gazteetatik lantzea, besteen ahotsa entzun eta errespetatuz, dibertsitatetik eraikiz.

  • Epe ertainean Kontseiluak aurkezturiko ekintza sorta aurrekontu batez laguntzea eta gauzatzeko pausoak ematea.

Metodologia

Proiektu hau gauzatzeko berebiziko garrantzia du herriko aisialdiko taldeekin eskutik joatea; hauen laguntza ezinbestekotzat jotzen dugu. Gainera, haurren aisia sustatzen duten beste hainbat ekimen eta eragile aintzat hartu beharko lirateke, besteak beste, kirol taldeak, eskola-orduz kanpoko ekintzak, haurren abesbatzak, dantza taldeak, Musika Eskola, kale-hezitzaileak… Txoko hauetan murgilduta dauden haurrek izango dute Haur Kontseiluan (Mugi hadi izena proposatzen dugu, haurrak parte hartzera mugitzeko erregua aldarrikatuz) parte hartzeko aukera. Kontseilua osatzeko lehenengo deialdia aipatutako talde horien guztien ordezkariekin egingo da eta ondorengo erabakiak hartuko beharko dira:

  1. Bileren maiztasunak, lekua eta ordutegi aproposa.

  2. Lehenengo urteko lan-programa. Horretarako, jorratu daitezkeen gai ezberdinen sorta proposatuko zaie urte osoko plangintza gauzatuz. Urteko ikuspegia ez baizik eta ikasturtea hartu beharko dugu irizpide nagusi, beraien bizitza erritmoa erabat markatzen baitu.

  3. Gaiak jorratzeko-aztertzeko erabiliko diren bitartekoak.

  4. Kontseiluan landutakoa Udalari helarazteko prozedura.

  5. Kontseiluan landutakoa plazaratzeko aukerak: beste haurrei begira eta herritarrei begira.

Kontseilua 8-12 urte bitarteko haurrek osatzea aurreikusten da. Inguruko antzeko hainbat ekimen kontuan hartuz, 30 lagunen kopuruan ipiniko genuke muga eta partaideak herriko beste neska-mutilen igorle-edo izango dira. Horrek, ondorioz, udal eragileen arteko aurrelanketa bat egitea eskatzen du eta horretarako bitartekoak jarri beharko ditu Udalak. Lan-talde hau osatzeko udal baliabide hauek inplikatuko lirateke:

  • TIZ, Tolosako Ingurumen Zentroa eta Ingurumen Departamentua.

  • Gazteria Departamentua.

  • Kale hezitzaileak.

  • Hirigintza Departamentua.

  • Alkatetza.

Haurren Kontseilua eratu ondoren, urtean 4 bat aldiz biltzea aurreikusten dugu eta ikasturte amaieran udal ordezkariekin elkartuko lirateke. Hori guztia Kontseiluak erabaki beharko luke eta, gaien arabera, planteamendu malgua eta aldakorra eduki lezake.

Gaiak

Proiektuak oso gai desberdinak lantzeko aukera ematen du. Hasiera batean, espazio publikoaren gaia lantzea proposatzen da, hala nola:

  • Non jolasten duten.

  • Norekin jolasten duten.

  • Nork eramaten dituen jolastokietara.

  • Non dituzten mugak.

  • Noiz hasten diren bakarrik ibiltzen, noiz eskuratzen duten autonomia.

  • Zer diren errepideak beraientzat, edota kotxeak zein aparkalekuak.

  • Nola hobetuko luketen Tolosa.

  • Zer aldatuko luketen, zer gustatzen zaien.

Tolosaz hitz egiteko aukera eman nahi diegu, beraz, gauzatuko dituzten jarduera ludikoei esker beraien bizipenak azalarazi nahi dira, ondorengo hausnarketa azpian egonik: zer den beraientzako tolosar izatea, zer den Tolosa eta nola hobetuko luketen. Baliabide ludikoen bidez partaidetza sustatu nahi da, hiritartzeko bidea jorratu, protagonista izan daitezela, beren iritziak garrantzia duela ikusarazi eta, harago joanez, haurren bidez, guraso zein bestelako kolektiboek astiro dinamika honi buruzko berri izan dezatela. Azken finean, haurrek herrian eragile aktibo bilakatzeko aukera dute.

Funtzionamendua

Proiektu hau iraunkorra izateko sortua da. Hau da, ez da ekintza puntual moduan aurreikusten; horrela, Kontseiluko kideak urtean 4 bat aldiz udal ordezkariekin elkartuko dira, aurrez taldeetan egin duten lanaren berri eman eta dinamiken bidez adostasunetara iristeko.

1.- Aurrelana:

Proiektua gauzatu ahal izateko, udal eragileen arteko 6 lan-bilera proposatzen ditugu nondik norakoak finkatze aldera. Lan-bilera hauek martxotik ekainera bitartean hamabostean behin planteatzen dira bidaia-orri hau jarraituz:

- Haur Kontseilua osatzeko deialdia nola gauzatu.

- Kontseiluaren funtzionamenduaren proposamena.

- Gaien zerrenda, Kontseiluak landuko dituen gaien zerrenda.

- Noiz eta nola aktibatuko den hartu emana udal ordezkariekin.

- Kontseiluak beste neska-mutilei egin beharreko feedbacka sustatzeko erak nola jorratu …

2.- Kontseiluaren eratze prozesua:

Kontseilua abian ipintzeko, aisiarekin zerikusia duten jarduera, talde, elkarte eta guneetara jo beharko da. Hauekin bilera orokor bat egingo da talde bakoitzeko arduradun batekin.

Bigarren bileran, talde bakoitzeko haurrekin Kontseilua eratzeko dinamika sortuko da azken taldea osatu ahal izateko.

Bukatzeko, hirugarren bileran, behin betiko Kontseilua osatuko duten neska-mutilekin lehen bilera egingo da proiektuaren lerro nagusiak finkatzeko.

Dinamika hauek guztietan ikuspegi ludikoa kontuan hartu beharra dago, beraien partaidetza modu dibertigarrian sustatuz. Hurrengo ikasturteko hasiera izan daiteke une aproposa Kontseilua aktiboki lanean hasteko eta, horretarako, ondo finkatu beharko dira dinamizatzeko moduak eta dinamizatzaileak.
Kontseiluaren eraketaz gain, Kontseiluaren zereginak eta aspektu formalak finkatu beharko dira. Aurreikusten diren ezaugarriak: 8-12 bitarteko haurrak; urtero Kontseiluko haur kopuru baten berrikuntza; neska-mutilen parekidetasuna bermatuko da; integrazioa; euskara izango da erabiliko den hizkuntza; partaide guztien iritzia sustatuko duen dinamika bultzatuko da; eta ordezkari izatearen garrantzia landuko da.

3.- Kontseilua lanean:

Bileretan haurrek ikusten dituzten arazoak, ekarpenak, errebindikazioak eta abar landu daitezke, baina momentu horretan herriak duen beste edozein arazo edo proiektu ere bai. Dinamizatzaileek gaia jorratu ahal izateko, aisia eta partaidetza uztartu beharko dituzte, hau da, aipatutako azterketa ia oharkabean gauzatu beharko da. Foroak landuko dituen gaiak forotik bertatik sor daitezke edota Udalak proposatu pil-pilean egoteagatik. EA21 proiektuarekin harremana sortu daiteke hainbat gai eskoletatik bideratzea errazagoa denean edo alderantziz. Adibidez, hurrengo ikasturteari begira, Eskolako Agenda 21 programa lantzean, Haurren Hiria proiektua lantzeko proposamena aztertuko da bien arteko sinergiak sorrarazteko asmoarekin. Horrela gertatzen bada, bien arteko zubiak sustatu beharko dira eta, horretako, TIZ (Tolosako Ingurumen Zentroa) bitartekari eta bermatzaile paregabea izango da.