- Hamabost elkarte eta eragilek egiten dute erabilera, eta bilera erronda bat egingo da espazio publikoaren inguruan.
- Ekipamenduaren funtzionamendu eta erabileraren inguruan gogoeta egitea da helburua, aurrera begira egin daitezkeen hobekuntza posibleak identifikatzeko.
Emeterio Arreseko udal eraikinean hutsik zeuden lokalak egokitu eta izaera sozialeko eragile eta elkarteen eskura jarri zituen Tolosako Udalak 2010. urtean, haien beharrak identifikatu eta gero. Eraikina bera eta erabilera aldatu egin dira orduz geroztik.
Gaur egun hamabost elkartek egiten dute erabilera: Besteak beste, Harizpe, Beti Ikasten, Afagi, Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkartea, Adinkide, Booloo Senegal, Duintasuna edo Gainditzenek dute egoitza bertan.
Testuinguru horretan, elkar ezagutu, behar berriak identifikatu eta erabileran hobekuntzak identifikatzeko topaketa bat abiatu du Udalak, bertan dauden elkarteetako erabiltzaileekin.
Bilera erronda aste honetan bertan hasi da, eta uztailean bukatu asmo da. Lehen saioen xedea da erabiltzaileek ekipamendua nola bizi duten ezagutzea, eta beharrak identifikatzea; ondoren, egungo dinamika, funtzionamendu eta ezaugarrietatik zer mantendu eta zer hobetu nahiko luketen landu nahi da. Amaieran, asmoa da irudikatzea etorkizunean nolako eraikina nahiko luketen, eta horri begira urratsak ezartzea eta proposamenak egitea.


.jpg)
