- Urtarrileko azterketak gerturatzearekin, erabiltzaile gehiago dabiltza ikasgelan, eta bi gela gehiago erabili ahalko dira oporraldian.
- Txartela eskuratzeko, eskaera egin behar da Udalean. Eguberri aurretik lortzeko, abenduaren 23rako jaso behar da.
Ikasgela modura erabiltzeko bi gela prestatu zituen apirilean Udalak, Gorosabel eraikinean, eta urriaz geroztik egunero erabil daitezke, jaiegunetan ere bai, txartelarekin sartuta. Ireki zirenetik etengabekoa izan da ikasgelen erabilera, eta azken asteetan, erabiltzaile gehiago dabil, besteak beste azterketa-garaiarekin lotuta. Hori ikusita, eta eguberrietan Aitzol Udal Euskaltegian eskolarik izango ez denez, euskaltegiko bi gela zabalik egongo dira egun horietan, ikastera doazenek erabili ahal izateko. Hortaz, denera lau gela egongo dira irekita.
Urtean zehar bi ikasgela daude zabalik, eta 24 lagunentzako lekua dago. Ordutegi hau dute: astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 21:00etara; asteburuetan eta jaiegunetan, 08:00etatik 20:00etara. Astegunetan, eraikina irekita dagoenez, ez da txartelik behar sartzeko; asteburuetan eta jaiegunetan, bai, sarrerako atea txartelarekin irekitzen da eta.
Txartela eskuratzeko bi bide daude: batetik, Udalaren egoitza elektronikoaren bitartez egin daiteke eskaera, lotura honetan sartuz eta Online tramitazioa hasi aukeran klikatuz; bestetik, udaletxean aurrez aurre aurkez daiteke eskaera-orria, UDATEn. Adin txikiko eskatzaileen kasuan, ikasgela erabiliko duenak ez ezik, haren gurasoek edo legezko tutoreak ere sinatu beharko dute eskaera. Informazio gehiagorako, euskara@tolosa.eus helbidera idatz daiteke.
Behin ikasgela erabiltzeko baimena jasota, atea irekitzeko txartela eskuratu behar da Aitzol Udal Euskaltegiko idazkaritzan (han daude ikasgelak). Eguberrietan itxita egongo da euskaltegia, eta, beraz, txartela jasotzeko azken eguna abenduaren 23a izango da, 14:30 arte. Hortik aurrera jasotako eskaerak eguberrietako oporretatik bueltan bideratuko dira.


.jpg)
