-
Bi proiektuetan desjabetu beharreko ondasunen zerrendari hasierako onespena eman zaio otsaileko osoko bilkuran, aho batez.
Bi urbanizazio obra egin ahal izateko urrats bat gehiago eman du Udalak osoko bilkuran. Lan horiek egikaritzeko nahitaezkoa lursail batzuk desjabetzea, eta prozesu horri hasiera eman zaio, aho batez, bi proiektuetako ondasunen zerrendari hasierako onespena emanda.
San Inazio auzoa
Batetik, San Inazio auzoko Otarreaga kaleko bidegurutzearen urbanizazioa egiteko inguruko lursail batzuk desjabetu behar dira, Zubizarretan. Kasu honetan, presazko prozedura bidez egingo da nahitaezko desjabetzea, lursail horiek HAPOko bide-sare orokorraren parte baitira.
Lan honen xedea izango da San Inazio kaleko espaloia handitzea, indarrean dagoen araudian ezarritako irisgarritasun-eskakizunak betetzeko behar den zabalera izan dezan. Horrez gain, proiektuaren bigarren helburua da koexistentzia-ibilbide bat sortzea, Tolosako eta Ibarrako bidegorriak lotuko dituena.
San Blas auzoa
Bestetik, San Blas auzoko urbanizazioa hobetzeko proiektuan dabil lanean Udala. Zehazki ermitatik hilerrira doan bidearen lehen zatian oinezkoentzako bide bat eraikitzea aurreikusten da, ibilgailuen trafikotik bereizita oinezkoen segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzeko. Horrez gain, eremu horretako aparkaleku beharrei erantzuteko soluzio egokiago bat aurreikusten du, erabilera-potentziala eta bisitarien beharrak kontuan hartuta. Gaur egungo linea elektrikoak lurperatzea ere aurreikusten da, ingurumen-inpaktua eta mantentze-lanak murrizteko.
Lanak egiteko desjabetu beharreko lursailen jabeen zerrendari ere onarpena eman zaio osoko bilkuran. Kasu honetan, ordea, ohiko prozeduraz egingo dira desjabetze horiek.
Bi kasuetan, ondasunen edo eskubideen zerrenda eta jabeen edo haien ordezkarien izenak argitaratuko dira udaleko iragarki taulan eta GAOn, eta jendaurrean izango dira hamabost egunez. Zerrendan eginiko akatsak zuzentzeko edo haiek okupatzearen aurka egiteko aukera izango dute jabeek, arrazoiak emanda. Alegaziorik ez bada, zerrendak behin betiko onartutzat joko dira, eta desjabetze-espedienteak abiatuko dira.


.jpg)
