Santa-Lutziako nekazaritza hazitegiko lursailen erabilpena lehiaketara aterako du Udalak

Ayuntamiento de Tolosa
17/10/2017 | Medio Ambiente
  • Urte amaierarako irekiko da izen ematea 9.000 metro karratuko lur eremuan kokatuta dauden lur sailetarako.

  • Patxi Amantegi, Ingurumen zinegotzia: “profesionalak sortu, erein eta baratza bat kudeatzen dakiten enpresariak formatzea eta aldi berean aktibitate ekonomikoa sortuz Tolosako azokan produktuak merkaturatzea helburu”.

  • Orain arteko esperientzia oso positiboa izan dela adierazi dute hiru erakundeek, Santa Lutzian egondako hirutik bik nekazari profesionalak izateko hautua hartu baitute. Proiektuaren helburua betetzen ari dela adierazi dute proiektuaren bultzatzaileek.

 

2014an sortu ziren Santa-Lutziako nekazaritza hazitegiak Tolosako Udalaren, Fraisoro eskolaren eta Tolomendi, Tolosaldeko Landa Garapen Elkartearen arteko hitzarmena medio. 15 urtekoa da berau, eta nekazari hasiberriak profesional bihurtzeko helburua dute oinarrian. Udalarenak dira lurrak eta Fraisoro eskolak lehen sektoreko ikasleen lan munduratzea sustatu du bertan, aholkuak eta laguntza eskaintzeaz gain.

Prentsa agerraldia eskaini dute hiru erakundeetako ordezkariek, hurrenez hurren, Tolosako Udaletik Patxi Amantegi Ingurumen zinegotzia, Jesus Calvillo Haziren Gaztenek programaren arduraduna Gipuzkoan, eta Tolomendiko Iker Karrera. Beraiekin izan dira 2014tik hona Santa Lutziako nekazaritza hazitegiko hiru ustiatzaileak.

Patxi Amantegi Ingurumen zinegotziak adierazi du helburua lehen sektorearen ekonomia egitea dela, eta ekimen honek horixe bultzatzen duela: “profesionalak sortu, erein eta baratza bat kudeatzen dakiten enpresariak formatzea eta aldi berean aktibitate ekonomikoa sortuz Tolosako azokan produktuak merkaturatzea. Nekazaritza sektore ekonomiko oso garrantzitsua da Tolosan eta eskualdean”. Bide horretan, azpimarratu du Santa Lutziako baratzeetan ekoizleen lana erraztu eta erosoa izateko hainbat inbertsio burutu dituela Tolosako Udalak: “proiektua martxan jartzekotik haratago, 10.000 euroko inbertsioa burutu dugu hazitegian negutegiak ezartzeko”.

3 urtez, hiru ekoizle egon dira Santa Lutzian. Bakoitzak 2.200 metro karratuko lursailak landu ditu. Horiek Tolosako azokan eta denda espezializatuetan saldu dituzte bertan ekoiztutako produktuak. Hitzarmenean ezarritako gehieneko 3 urteak beteta, lehiaketara aterako da berriz eremua.

Orain arteko esperientzia oso positiboa izan dela adierazi dute hiru erakundeek, Santa Lutzian egondako hirutik bik nekazari profesionalak izateko hautua hartu baitute. Proiektuaren helburua betetzen ari dela adierazi dute proiektuaren bultzatzaileek.

Lehiaketara aterako den eremu guztiak 9.000 metro karratu ditu. Baratzagintzarako lur egokiak dira eta proiektuaren parte diren hiru erakundeek bera lantzeko azpiegitura eta tresnak, formazioa eta tutoretza eskainiko dituzte eta Tolosako merkatuan bere produktuak komertzializatzeko aukera.

Lursailen esleipendunek ez dute kuota finkorik ordaindu beharko baina bertan sortutako gastuen kargu egin beharko dira. Fraisoro eskolak lursailetan egingo den jardueraren jarraipena egiten jarraituko du.

Santa Lutziako nekazaritza hazitegiko partzeletako lizentzien onuradun izateko ezinbestekoa da lehendik nekazal ustiapeneko titularra ez izatea eta nekazaritza Ustiategi berria sortzea. Beharrezkoa da ere nekazaritzaren inguruko ikasketak amaituak izatea edota gutxienez 300 orduko Nekazaritzaren inguruko ikasketak izatea.

Eskaerak aurkezteko epea Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Hala ere aholkatzen dugu, pertsona interesatuak, hiru erakundeetakoren batekin, Fraisoro nekazaritza eskola, Tolomendi edo Tolosako udalarekin, jarri daitezela harremanetan zalantzak argitu eta informazio gehigarria eskuratzeko. Era telematikoan ingurugiro@tolosa.eus -en gauzatu daiteke.