Tolosan erosketak egitea dendaz denda ibiltzea baino gehiago da

Tolosa aire zabaleko merkataritza-gune bat dela esan ohi da, eta hein handi batean, tokiko merkataritza-sare zabalaren ondorioa da hori, baina beste asko dago.

Europako tasa mila biztanleko 8 saltokirena da, eta Tolosak ia hirukoiztu egiten du tasa hori. Izan ere, Tolosan, 1000 biztanleko 21 saltoki daude.

 

Metro gutxira mota guztietako produktuak, artikuluak edo zerbitzuak topa ditzakegu: elikadura- edo moda-dendetatik hasita jostailu-, kosmetika-, altzari- edo argazki-dendetaraino. Ostalaritzako aukera zabala ahaztu gabe.

 

Merkatarien lan handiari, sormenari eta ahaleginari esker,Tolosa bere egunerokoan herri bizia da, eta haren unerik gorena larunbat goizetan izaten da, bertako ekoizleen merkatua egiten denean. Askotan, gainera, musika, dantza eta ekitaldi desberdinek giroa alaitzen dute, eta, nola ez, baita erraldoi eta buruhandiek ere.

 

Beraz, Tolosara etortzeko asmoa baduzu, aholku bat eman nahi dizugu: denbora hartu. Tolosara etortzea kalez kale ibiltzea delako. Dozenaka erakusleiho original ikusi, ehun urtetik gorako establezimenduak bisitatu eta haien historiak ezagutu; taberna eta jatetxeetan bertakoaren zaporeaz gozatu; betiko gozokiekin kafe bat hartu edo kultur giroan murgildu. Tolosarren bat ezagutzen baduzu, ziurrenik entzuna izango duzu honakoa: “Herri honetan beti bada zerbait!”

 

Tolosako dendetan erosteak balio erantsia du gainera, hurbileko tratua emango dizutelako. Eta, horrez gain, onena ekartzen dute beti, gustu guztietarako aukera zabalarekin, eta laguntzeaz gainera aholkuak emango dizkizute. Horixe da haien nortasun-seinalea.

 

Braderie, Tolosan erosketak egiteko egun perfektua

 

Zenbait egunetan erosketak maximizatu egiten dira, horren adibidea da martxoko azken larunbatean egiten den Braderie eguna.

 

Urtero, Tolosa&Co Tolosako Merkatarien Elkarteak merkatari txikien festa antolatzen du. Egun horretan, Tolosa merkataritzaren hiriburua bihurtzen da. Saltokiek beren produktuak kalera ateratzen dituzte, egun osoan zehar, goizez eta arratsaldez.

 

Stock azoka bat da, eta giro bikaina izateaz gainera, eskaintza paregabeak topa daitezke bertan. Beraz,Tolosa bisitatzeko egun aproposa da.