Gazte Topagunea

Zer da Gazte Topagunea?

 

Tolosako Gazte Topagunea udal zerbitzu bat da, 12-17 urte bitarteko nerabeei ostegunetik igandera eskaintzen zaiena. Zerbitzu hau 2008an jarri zen martxan eta bertan hainbat baliabide aurki daitezke: mahai jolasak, ordenagailuak, wifi-a, billarra, ping-ponga, futbolina, eskulanetako materiala eta, berrikuntza moduan, bulegoko txokoa.

Horietaz gain, aldizkari txokoa, musika entzuteko aparatua eta proiektorea ere aurki daitezke.

Helburua

Hezitzaileon helburu nagusia da nerabeek euren denbora librea modu hezitzailean gauzatzea eta euren heziketa-fase desberdinetan bidelagun izatea. Hezitzailea esaten dugunean, parte- hartzea sustatzeaz, gazteen autonomia indartzeaz eta harreman positiboak bultzatzeaz ari gara hizketan; azken batean, ekintza desberdinen bitartez, jarrera eta balio egokiak igortzea da hezitzaileon egitekoa.

Ordutegia

Ikasturtean zehar irekitzen da ostegunetan eta ostiraletan, 17:00etatik 20:00etara, eta asteburuetan, berriz, 16:30etik 20:30era.

Bestalde, udarako ordutegia uztailean jartzen da martxan eta Topagunea goizez irekitzen da astean zehar.

Dinamika

Beraz, ikasturtean zehar, hilabeteko ekintzak antolatzen dira eta, horretarako, gazteen interes eta zaletasunak hartzen dira kontuan. Beraz, besteak beste, sukaldaritza tailerrak, filme proiekzioak, eskulanak, etab. gauzatzen dira.

Bestalde, ikasturtean zehar, Topaguneak antolatutako irteerak ere egiten dira. Adibidez, joan izan gara Sendavivara, Leidor aretora, Txuri-Urdinera, Tabakalerara, etab.

 

Hala, hileko ekintzez gain, urtero errepikatzen diren ekintza bereziak aurki daitezke:

  • Irekiera festa: ikasturteari hasiera emateko antolatzen diren ikuskizunak.

  • Gazte astea: gabonetako oporraldietan gauzatzen diren tailer eta irteerak.

  • Udaberri gaztea: Aste Santuetako opor egunetan gauzatzen diren ekintzak.

  • Uda gaztea: uztailean, udako oporraldiei hasiera emateko egiten diren ekintza bereziak.

Amaitzeko, esan beharra dago herrian bertan antolatzen diren beste ekintzetan ere parte hartzen dugula. Azken finean, iruditzen zaigu indartu beharreko balioa dela herriko beste elkarte eta zerbitzuekin modu aktiboan elkarlanean aritzea.