Txilabak, 2024ko inauterietako protagonistak

Irune Elicegui tolosarrak eta Xabier Isasti getariarrak irabazi dute aurtengo kartel lehiaketa. Zorionak, bikote!

Atzo, hilak 18, aurkeztu zen aurtengo inauterietako kartela Zerkausian. ‘Txilabak’ izenekoa, Irune Elicegui tolosarrak eta Xabier Isasti getariarrak elkarrekin sortutako kartel koloretsua hautatu du epaimahaiak 2024ko inauteriak iragartzeko.

Inauterietako kartela lehiaketa bidez aukeratzen den bigarren urtea da, eta edizio honetan 51 pertsonek hartu dute parte. Lehen aldia da bi gazte hauek aurkezten direla, baina aspaldiko ezagunak dira kartel lehiaketetan. Izan ere, beraien sorkuntzak bi aldiz aukeratu dituzte dagoeneko Tolosako Sanjoanak iragartzeko, besteak beste.

Diseinu grafikoko ikasketetan ezagutu ziren, eta han hasi ziren elkarrekin lanean. "Lan egiteko oso antzeko modua dugu", esan du irabazleetako batek, eta biak bat datoz elkarlanerako erraztasuna dutela esatean. Horrela jaio da garaipena eman dien ‘Txilabak’ hau, baita lehiaketara aurkeztu zuten bigarren kartel bat ere.

"Oso pozik eta kaleetan ikusteko gogoz"

Ezustean harrapatu dituen arren, oso pozik daude eta euren sorkuntza Tolosako kaleetan ikusteko irrikitan daude. Tolosar gisa, Irune Elicegui "bereziki pozik" dago bere kartela aurkeztu diren guztien artean aukeratu dutelako. Xabier Irastik, bere aldetik, "Euskadiko inauteri garrantzitsuenen" parte izatea nabarmendu du.

Kartelaren inspirazioa Tolosako balkoiak apaintzen dituzten oihalak eta, bereziki, txilabak izan dira. "Gaur egungo txilaben diseinuetan oinarritu gara" baieztatzen du, eta horrela sortu dira karteleko koloreak eta formak. Izan ere, jai hauetako funtsezko jantzi bat da. Tolosako inauterietan, “edozein egunetan txilaba jazten baduzu, ondo da”, esan du. Xabi Irastirentzat kartela "minimalista eta forma sinpleak dituena" da, eta ziur dago "diseinuak funtzionatu” egiten duela.

Tolosako inauteriak otsailaren 8tik 14ra ospatuko dira. Bazatoz?