ZER DA ‘XIV. ORDUAK’?

Hasiera eta bukaera Tolosan duen mendi martxa maiatzaren 19an ospatuko da

Lau urtean behin izaten den XIV. Orduak ibilaldiari ere iritsi zaio eguna. Izenak dioen moduan, 14 ordu irauten dituen mendi-martxak eta ehunka eta ehunka lagun ibiliko dira mendian gora eta behera, jai giroan, batarekin eta bestearekin berriketan, orbelaren musika hotsaren artean. 
Baina, nondik dator hau? Zein izango da aurtengo ibilaldia?... Segi irakurtzen eta zalantza guztiak argituko dizkizugu!
 
 
  • Nondik dator XIV. Orduak mendi martxa?

Ibilaldiaren sustraiak nondik datozen ulertzeko, 1925ra atzera begira jarri behar dugu. Tolosaldeko hamalau mendizalek asmatu eta prestatu baitzuten urte hartan urteekin ezagun bihurtu den martxa. Lehen edizio hartan, bederatzik bukatu bazuten ibilaldia, hurrengo urtean martxa hau errepikatzea erabaki zuten.

Urteren etena ondoren, 1943an egin zen berriro mendi martxa, antolatzen zen hirugarren aldia bilakatuz. Hori bai, «ibilaldiaren luzera eta gogortasuna aintzat hartuta», ordu-arte emakumeei debekatu egin zieten parte hartzea eta Maritxu Aranak urte horretan bertan egoera horri amaiera jartzea erabaki zuen ibilaldia osatzen zuen lehen emakumea izaten. Eta 1967tik aurrera lau urtean behin egin izan ohi da publiko guztiarentzat: egutegiko kapritxoak medio, joko olinpikoak ospatu diren urte beretan. Zaleek diote, lau urtean behin izateak kutsu berezia ematen diola martxari, nolabait ezohikoa bilakatzen duelako. 

Azpimarratu behar da XIV. Orduak ez dela izan inoiz lehiaketa bat, kirolari, mendizale, ibiltzera ohituta diren eta tradizioa jarraitzen dutenez jositako mendi-buelta bat baizik.

  • Zein izango da honen ibilbidea?

​Martxa honen poderioz Aralar mendilerroa zeharkatuko dute ibiltariek, ibilbide anitza eta konpletoa, Tolosako Berazubi futbol zelaia abiapuntu eta helmuga duena eta tartean 70 kilometro inguru Gipuzkoa eta Nafarroako mendietan.
Igoera eta jaitsiera gogorrak ditu, lautadak, belarrezko bideak eta harria; ibaiak ere gurutzatzen ditu baita basoak edota zabal-uneak ere. 
Ibilbidea Tolosatik irten eta Tolosara iristen da Ibarra, Leaburu, Gaztelu, Berastegi, Orexa, Lizartza, Areso, Gorriti, Azpiroz, Lekunberri, Baraibar, Iribas, Uharte Arakil, Amezketa, Alegia, Altzo eta Tolosa-ko udalerriak igarota.
Guztira zehatz 68.529 m-ko luzera du ibilbideak, 30.375 m errepide asfaltatuetan igarotzen direnak, 17.816 m pistaz, 15.338 m mendi-bideetan eta 5.000 m jaitsiera oso maldatsuetan.  Ibilbidea egin bitartean, 1.946 m-ko desnibel positiboari ere aurre egin beharko diete ibiltariak.
Kilometro hauetan guztietan atsedenerako eta indarberritzeko guneak ere izango dira, non bertan mendizaleen eskura edaria egongo den.

Hona hemen aurtengo ibilbidea:

  • Aralarko adiskideak

Aralarko Adiskideak mendi taldeari zor diogu XIV. Orduak ibilaldia. 1927an sortu zen aipatutako talde hau, garai horietan oso zaila zenez mendi magaletara iristea, lagungarri ziren ekintzak burutu zituzten. 

Taldearen helburuetako bat mendira joateko gogoa piztu eta bultzatzea da betidanik eta horretarako, besteak beste, taldeka egiten diren mendi martxak antolatzen dituzte. 

Egun lau urtez behin egiten den XIV. Orduak ibilaldia horrela sortu zen.

  • Nola eman izena?

Oraindik bada, izena emateko aukera: Aralarko Adiskideak elkartearen egoitzan nahiz 14orduak.eus webgunean eman daiteke izena. Azkar ibili, plazak mugatuak dira eta!