Tolosako 47 eraikin Ondarearen Udal Katalogoan sartzeko azterketa abiatuko du udalak
-
Azterkelanak erakutsiko du eraikin horiek interes arkitektonikoagatik babesik behar ote duten, eta, baiezko kasuetan, zein mailatakoa beharko luketen.
-
Ebaluazio-aldi horretan behin-behinean eten egingo dira eraikin horiek erabat eraisteko lizentziak, baita fatxadei eragiten dieten obretarako baimenak ere.
Tolosako udalak urrats garrantzitsua eman du herriko arkitektura ondarea babesteko bidean. Udal Katalogoa berritzeko prozesuari hasiera ematea onartu zen ekaineko osoko bilkuran; horretarako, baina, katalogoan sartu beharreko eraikinen azterlan zehatz bat egin behar da, babesik behar ote duten, edota babes horren maila ondorioztatzeko.
Entzunaldi publikoa igarota, azterlana abiatuko du udalak aurki. Denbora horretan helegite bakar bat izan da, eta azterketan eskuratutako informazioarekin emango zaio erantzuna. Bien bitartean, kontratazio proposamenen txostenak osatu dira jada, eta datozen egunotan formalizatuko da kontratua, azterketarekin has daitezen.
47 dira ebaluatuko diren eraikinak. Bada, zertan oinarritu da udala hautaketa hori egiteko? Hain zuzen, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko udal-arkitektoen eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ondarearen Zuzendaritzaren gomendioak jarraitu dira. Txalet izaerako 19 eraikin, 25 bizitegi-eraikin eta hiru eraikin instituzional dira aztertuko direnak.
Hiru babes-maila
Eraikin bakoitzari azterketa zehatza egingo zaio, dagokion fitxa osatu eta bakoitzerako edo berariazko elementuetarako babes-maila egokia zehazteko. Hiru babes-maila daude, Euskal Kultura Ondarearen Legearen arabera:
-
Babes berezia: aparteko garrantzia duten ondasunetarako. Ondasun horietan esku hartzeko, baimen bereziak behar dira, eta haien jatorrizko osotasuna eta ezaugarriak errespetatu behar dira.
-
Babes ertaina: salbuespenezkoak izan gabe, balio esanguratsua duten ondasunak biltzen ditu. Eraikin horietako obrak baimendu ahal izango dira, baldin eta haien elementu garrantzitsuenak aldatzen ez badituzte.
-
Oinarrizko babesa: interes lokal edo historiko txikiagoko ondasunak barne hartzen ditu. Kasu horietan, esku-hartzeak malguagoak dira, baina babesa justifikatzen duten funtsezko elementuei eutsi behar diete.
Eraikin bat maila horietako edozeinetan sartzeak esan nahi du edozein esku-hartzek ebaluazio- eta onespen-prozesu bat igaro beharko duela, arkitektura- eta kultura-balioen kontserbazioa bermatuko duena.
Komunitatearentzako inplikazioak
Ebaluazio-aldia amaitu bitarte etenda daude eraikin horiek erabat eraisteko lizentziak baita fatxadei eragiten dieten obretarako baimenak ere, beti ere ondare babesa duten eraikinetan egin litezkeen interbentzioekin bateragarriak ez badira. Eten hori gehienez ere urtebetekoa da, azterketa amaitu eta Tolosako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) Katalogoaren aldaketa hasieraz onartzen den arte.
Eten hori aplikatzen da azterketa- eta katalogazio-prozesua osatzen den bitartean ondasun horien galera saihesteko. Azken batean, hori baita egitasmo honen helburu nagusia: Tolosako ondare arkitektonikoa zaintzea, interes handiko eraikinak aldatu ez daitezen, eta balio historiko eta kulturalak galdu ez daitezen.
Eraikinen zerrenda
-
Arkaute etxea
-
Uzture kalea 4-6-8-10
-
Izaskun Etxea
-
Villa Maria
-
Ibarralde 3 Etxea
-
Ibarralde 1 Etxea
-
Ibai-Gain
-
Villa Maria Juanita
-
Kondeaneko Aldapa 30 etxea
-
Eguzki Toki
-
Kondeakeko Aldapa 7 etxea
-
Garmendia Etxea
-
San Frantzisko 43 etxea
-
San Frantzisko 20 etxea
-
San Frantzisko 22 etxea
-
Jesusen Bihotza etxea
-
Guadalupe fabrika. Langileen etxebizitza (55-1 eta 55-2)
-
Iruñea ibiltokia 2 eta 4 etxebizitzak
-
Bidezainen etxea
-
Aranguren eta Antzuola eraikinak
-
Belate pasealekua 1 bis etxea
-
Oyarbide ostatua
-
Felipe Gorriti plaza 4 etxea
-
Banco Gipuzkoano
-
San Frantzisko pasealekua 1 etxea
-
Zumalakarregi pasealekua 1 etxea
-
Zumalakarregi pasealekua 3-4
-
Laskorain etxea 10-12
-
Foru Etorbidea 1 etxea
-
Foru Etorbidea 2 etxea
-
San Frantzisko pasealekua 17
-
Gudari 1 etxea
-
Nafarroa 13 etxea
-
San Frantzisko pasealekua 35
-
Geltoki 1 etxea
-
Zuberoa taldea
-
Santa Klara 3 etxea
-
Kondeaneko Aldapa 3 etxea
-
Igeralde etxea 17-19
-
Bizkaia taldea 11-15
-
Andra Mari Taldea
-
Kondeaneko Aldapa 14-12 etxe
-
P. Zabala kapitainaren taldea
-
Ureta higiezinen elkartea
-
Bigarren mailako osasun zentroa eta ama klinika
-
Eskola Zaharra