Udan haur sahararrak harreran hartzeko deia egin du Tolosaldea Sahararekin elkarteak

Ayuntamiento de Tolosa
20/01/2026 | Servicios Sociales y Salud
  • Errefuxiatuen kanpamentuetan bizi diren haurrak hartzeko familia boluntarioak behar dituzte 2026ko programa aurrera atera ahal izateko. 

Oporrak Bakean programak aukera ematen die 10 eta 12 urte bitarteko haur saharar errefuxiatuei udan, bi hilabetez, euskal familiekin bizitzeko, urtero. Egonaldi horietan, haurrek basamortuko baldintza gogorrak atzean uzteko aukera dute (itzaletan 50 gradurainoko tenperaturak jasan behar izaten dituzte), elikadura egokia jasotzen dute, azterketa medikuak egiten dituzte eta euskal kultura eta saharar kulturaren arteko lotura indartzen dute.

Tolosaldea Sahararekin elkarteak, antolatutako programa aurrera atera ahal izateko, dei egiten diete Tolosaldeko familiei parte hartu eta haur bat harreran har dezaten. Interesa izanez gero, haiekin jar daitezke harremanetan familiak, bi modutara: tolosaldeasahararekin@gmail.com helbide elektronikora idatzita, edo 696 014 786 telefono zenbakira deituta. Otsailaren 15era arte dago izena emateko aukera.

Material bilketa

Tolosaldea Sahararekin elkartea, gainera, elikagai, higiene produktu eta eskola materialaren bilketa egiten ari da egunotan, errefuxiatu kanpamentuetara bideratzeko. Elikagaien artean, honako hauei eman diete lehentasuna: arrroza, pasta, lekale poteak, azukrea, atun eta sardinak latan, konpresa eta pardelak, eta eskola materiala. Produktuak elkarteak Larramendi kalea, 9 (behea) helbidean duen lokalean utz daitezke urtarrilaren 31era arte (barne). Saharar errefuxiatu kanpamentuetan 180.000 pertsona bizi izan dira azken 50 urteetan, eta bertara iristen zaien guztia kanpo laguntzaz iristen dela azpimarratu dute elkartetik.