Tolosaldeko Eskola Agenda 21 topaketa asteazkenean, Ingurumenaren Eguneko 'planeta bat, #plastikorikgabe' leloarekin bat

Ayuntamiento de Tolosa
04/06/2018 | Medio Ambiente

1972 urtetik, ingurumenaren inguruan kontzientzia eta ardura sortu eta babes ekintzak sustatzeko asmoz, ekainaren 5ean Ingurumenaren Nazioarteko Eguna ospatzen da.

Urtero bezala, Tolosako Udalak egun honen aldarrikapenarekin bat egiten du eta bide horretan, hainbat ekintza antolatu dira, tartean, pasaden ekainaren 3an Elosegi Parkeko hegaztien jantoki eta begiratoki berriak ezagutara emateko tailerrak.

Horri loturik, asteazken honetan, ekainak 6, Tolosaldeko Eskola Agenda 21 topaketa burutuko da Tolosan. Hamargarren edizioa izango da aurtengoa eta urtean zehar landutako “Aldaketa Klimatikoa” gaiari buruzko hausnarketa partekatua gauzatuko dute eskualdeko ikastetxeen artean. Horrez gain, Ingurumenaren Nazioarteko Eguneko leloarekin bat eginez, 'Planeta bat #plastikorikgabe', plastikoaren arazoaz jabetzeko panel-mural bat osatuko dute. Tolosaldeko eskola komunitateak eta EA21 proiektuan inplikazioa duten Udalek hartuko dute parte 09:30etatik 12:00etara Zerkausian burutuko den topaketa honetan.

Patxi Amantegi Tolosako Ingurumen zinegotziak adierazi duenez plastikoen gehiegizko erabilpenak lotura zuzena du klima aldaketarekin: “hori egon gara lantzen ikasturtean zehar ikasleekin. Datuak esanguratsuak dira: urtetik urtera sortzen eta erabiltzen dugun plastikoaren kopurua gora doa, minutu bakoitzeko kamioi batean sartzen den plastiko kopurua ailegatzen da itsasora, plastikozko produktu asko erabilera bakarrekoak dira eta milaka urte behar dituzte degradatzeko, itsasoan eta ibaietan biltzen diren plastikoek bertako bizitzan kalteak sortzen dituzte... Baina badira ekiditeko neurriak, adibidez: ekonomia zirkularra, hau da berrerabili eta birziklatu, eta plastikoen bildukien erabilera gutxitzea, beste aukera bilatuz. Eta arazoari aurre egitea denon ardura da: instituzioena, enpresena, supermerkatuena eta herritarrona, kontsumitzaile bezala”.

X. TOPAKETA

Tolosaldeko EA21

 

 

EGUNA: Ekainak 6, asteazkena

ORDUA: 09:30-12:00

LEKUA: Zerkausian

Partaideak: Tolosaldeko eskola komunitateak eta EA21 proiektuan inplikazioa duten udalak.