Urtarrilaren 1ean, Uzturren, tradizioari huts egin gabe

Euskaldunok oso tradiziozale omen gara eta Tolosan ez gara gutxiago izango. Aurten ere gure gailur gustukoenetako batean agurtuko dugu 2018a eta hantxe egingo diogu ongietorria 2019ari. Adibidez, Uzturren.

Urte berriko asmoak betetzen hasteko, festondoa arintzeko edo 2019a lehen egunetik Tolosako bista ederrei begira hasteko... aurten ere Uzturreko gurutze ingurua eta harako bidea jendez gainezka egongo dira, elkar agurtuz eta elkarri urte zoriontsu bat opaz.

Batzuk abenduaren 31n igoko dira urtea agurtzeko, beste batzuk horrekin nahikoa ez eta San Silbestre elkartasun krosean ere aterako dira, beste batzuk urteko lehen egunean igoko dira lo askorik egin gabe, eta beste zenbaitek goiz berean joan-etorri bat baino gehiago egingo ditu. Egun horretan (dagoeneko tradizio bihurtua) ez da faltako, ez hamaiketakorik, ez txanpainik.

Uzturre Mendia

Izan ere, estimatu beharrekoa da Tolosako erdigunetik hain hurbil daukagun naturaren opari hau: Uzturre. Eguneroko zaindari dugu, batzuetan lainopean ezkutatzen dena eta elurra datorrela abisatzen diguna.

Zure helburuetako bat bada biziera osasuntsua egiten hastea edo harekin jarraitzea, bisita itzazu Tolosaldeko ibilbideak edo BTT ibilbideak.

Uzturre Tolosa Mendi Gailurra

Hona hemen Uzturreri buruzko bilduma-bideo hau, 2018ko 365 egunak jasotzen dituena. Gorka Ezeizabarrena egunero igo da eta berak egin du bideo hau. Eskerrik asko.