“Eszenak eta istorioak”, inguratu egingo zaituen aldi baterako erakusketa

Erakusketa berrira sartzearekin bakarrik hasten da zirrara. Oinutsik, alfonbra leun batean zehar istorioz istorio ibiliko zara. Topic museoan ikusi ohi direnez oso bestelakoa den  Speeltheater Holland Studioko artelan-erakusketa honek, literalki, limurtu egingo zaitu. Euskarri desberdinen bitartez, txotxongiloak, argazkiak, bideoak eta musika kasu, pasarte asko kontatuko dizkizu.

TOPIC museoak txotxongiloen mundu magikoan murgildu, ilusioa piztu eta gozarazi nahi zaitu. Euskal Herria plazako eraikin enblematikoan dago Europa osoan txotxongilo artearentzako zentro integral bakarra. “Eszenak eta istorioak” erakusketa ibiltaria irailaren 15era arte egongo da ikusgai. 

Txotxongilo handietatik hasita txikiagoetaraino, errealistenetatik abstraktuenetaraino... Erakusketa honetan, pieza berdingabeen bitartez istorioak kontatzeko era desberdinak ezagutuko dituzu.

Saskia Janse eta Oni Huisink artista holandarrak dira obra zoragarri hauen sortzaileak. Diotenez, txotxongilo-ikuskizun baten ikuspegi orokor bat eman nahi digute, adin guztietako bisitariak inspiratuz eta istorioan modu sortzailean parte har dezaten animatuz. 40 urteren buruan, bikote honek mundu osoan zehar eman ditu emanaldiak eta txotxongiloak beste arte batzuekin (dantza, antzerkia, aktoreen antzezlana…) konbinatzeko joera dute, berrikuntza dutelarik bereizgarritzat. 

TOPICen lantaldea oso harro dago bikote moldakor honen artelana edukitzeko aukera izateagatik. Janse eta Huisink holandarrek txotxongiloen artean esperientzia handia daukate eta asko bidaiatu dute, ez da ordea Tolosan dauden lehenbiziko aldia. Lehenago museoari txotxongilo sorta bat dohaintzan ematera etorritakoak dira eta harreman honetatik sortu da erakusketa egiteko ideia. 

Bisiten ordutegia hau da: asteartetik ostiralera 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara, eta, larunbatean, igandeetan eta jaiegunetan 10:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 19:00etara.

Mundu osoko txotxongiloek TOPICen lo egiten dute

TOPICa museoaz gainera mundu osoko txotxongilolarien topagunea ere bada. 3600 metro karratutan barne hartzen ditu behin betiko museoa, aldi baterako erakusketak, dokumentazio-zentroa, artxiboa eta mediateka (digitalizatuak), 250 ikusleentzako eszenatokia, produkzio-, entsegu- eta muntaketa-gelak eta tailer eta ikastaroetarako gelak.

Irakurri TOPIC museoari buruzko informazio gehiago hemen klik eginda.