Gabonetako Azoka berezia bai, baina elikagaien postuekin bakarrik

Larunbateroko ohiko azokaz gain, larunbat honetan Gabonetako Azoka berezia ospatuko da, bi espaziotan banatuta: Plaza Zaharrean eta Alondegian.

Artisau postuak, elikagaiak, abereak, musika, pintxoak, jende andana… giro itzela izaten da Tolosako Gabonetako Azoka berezian. 

Aurten, ordea, osasun egoerak baldintzatuta, Azoka egin egingo den arren, ohikoa baino postu gutxiago izango dira. Jende pilaketak ekiditearren, eta distantziak mantentzeko adina leku egon dadin, elikagai postuak baino ez dira jarriko.

Larunbateroko azokako barazki, fruta eta esnekien postuez gain, beste bi lekutan ere izango dira postuak: 8 Plaza Zaharrean, eta beste 24 Alondegian. Honenbestez, bost gune izango ditu Azokak.

Gozo eta turroiak, hestebeteak, kontserbak, pateak, gaztak… orotariko jakiak dastatu eta erosi ahal izango dira larunbatean. Hortaz, Eguberrietako otorduetarako erosketak azken unerako utzi badituzu, aukera bikaina da, kalitate goreneko jakiak izango baitira eskuragai.

Hurrengo bi asteetan, azoka ostiralean

Hurrengo bi larunbatetan –abenduak 25 (Eguberri Eguna) eta urtarrilak 1 (Urteberri eguna)– ez da Azokarik izango, jai egunak baitira. Horren ordez, Azoka ostiralez ospatuko da, abenduaren 24 eta 31n, hain zuzen.