Zer egin sexu-eraso baten aurrean

Dekalogoa


Zer da dekalogo hau?

Tolosak sexu-harreman askeak eta baimenduak defendatzen ditu. Inork zure sexu-askatasuna eragozten badu, hona ezagutu behar dituzun puntuak. Tolosako Udaleko Berdintasun Sailak dekalogo bat landu du, edonolako sexu-eraso baten aurrean nola jokatu jakiteko oinarrizko jarraibide eta gomendio batzuk biltzen dituena. Helburua da halako egoera baten aurrean topatzen den edonork, zein aukera dituen ezagutzea.

  1. Salatu ala ez salatu, eskubidea duzu laguntza eta arreta psikologikoa, sanitarioa eta legala jasotzeko; hau da, jasan duzun erasoa zuk erabaki bezala bideratzeko.

  2. Eskubide horiek berberak izango dituzu zure administrazio-egoera irregularra izanda ere. 

  3. Garrantzitsua da osasun-etxe batera ahalik eta azkarren joatea, erasoan eragindako kalteari aurre egiteko laguntza jaso eta frogak erregistratzeko. Sexu-erasoaren ondorengo lehen orduak funtsezkoak dira ikerketa ongi bideratzea bermatzeko. Hori dela eta, gomendatzen da ez garbitzea, dutxarik ez hartzea eta arropaz ez aldatzea; erasoa ahotik jasoz gero, jakirik ez edaririk ez hartu, osasun-etxera joan baino lehen.

  4. Asuncion Klinika da larrialdietarako erreferentziazko osasun zerbitzua Tolosan. Baliteke azterketa forentsea egiteko, Donostiako Ospitalera bideratzea.

  5. Ospitalean egonda erasoa salatzea erabakitzen baduzu, ospitaleak hartuko du ardura lesio-partea dagokion guardiako epaitegira igortzeko eta hala poliziari nola mediku forentseari abisua emateko.

  6. Ospitalean egonda ez baduzu erasoa salatu nahi, ospitalea beharturik dago agintari judizialei edozein sexu-erasoren berri emateko, zure baimenarekin edo baimenik gabe, baina horrek ez du prozedura judizialik zertan abiarazi.

  7. Halaber, aukera dago ertzain-etxe edo guardiako epaitegi hurbilenean salaketa zuzenean aurkezteko. Bietan, eskubidea dago abokatuen laguntza jasotzeko. Laguntza hori eskatzeko aholkatzen da, abokatu batek zaindu dezan prozesuaren funtzionamendu egokia.

  8. Soilik salaketa aurkeztuta abiatuko da erasotzailearen kontrako zigor-prozedura. Prozedura penala gogorra izan daiteke erasoa pairatu duenarentzat, eta ez du ziurtatzen erasotzailearentzat "bidezko" kondenarik, baina erasotzaileari aurre egiteko eta zigorgabetasuna saihesteko modu bakarra da.

  9. Arreta feministan eta sexu-erasoetan esperientzia duten zerbitzu juridiko eta psikologiko espezializatuak ere eskura dituzu Tolosan. Horretarako, Andragora, Tolosaldeko Emakumeen Etxera, deitu dezakezu: 943 00 89 67.

  10. Salaketa jartzeko denbora tarte bat duzu, eta berehala egin nahi ez baduzu ere, ospitalera joan zaitezke prebentzio-tratamenduak lortzera eta probak lortzera, aurrerago egin nahi baduzu.