- Tolosaldeko arrandegi guztiek hartuko dute parte Galtzaundi Euskara Taldeak sustatutako “Gurea bai freskoa!” kanpainan.
- Azaroaren 5etik 23ra opari-txartelak zozketatuko dira arrandegietako bezeroen artean.
Euskararen erabilera areagotzea helburu, arrandegiak protagonista dituen “Gurea bai freskoa!” kanpaina jarri du martxan Galtzaundi Euskara Taldeak, eskualdeko udalen -tartean, Tolosakoaren-, merkatari elkarteen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Amasa-Villabonako, Anoetako, Ibarrako, Tolosako eta Zizurkilgo arrandegi guztiek parte hartuko dute kanpainan.
Euskararen erabilera indartzeko, arrandegietako idatzietan euskararen erabilera areagotzeko konpromisoa hartzeaz gain, ahozkotasunean ere eragingo dute arrandegiek. Eguneroko erosketak euskaraz egin ahal izateak, euskara saltokietako idatzietan ikusteak, balioan jartzen du gure hizkuntza. Horrenbestez, ohiko arrainen hiztegia osatu da eta etiketak euskarazko izenekin sortu dira. Arrandegiek egindako aldaketa horiek bistaratzeko, azaroaren 5etik 23ra “Gurea bai freskoa!” kanpaina jarriko da martxan. Data horietan 25 euroko bi opari-txartel zozketatuko ditu arrandegi bakoitzak.
Kanpainaren bitartez eskariak eta erosketak euskaraz egitera gonbidatu nahi dira herritarrak. Gaurtik aurrera, ohiko arrainen izenak dituzten etiketak ikusi ahalko dira saltokietan eta bezeroei ere arraien izenak euskaraz jasotzen dituen esku-orria banatuko zaie.
Hauek dira kanpainan parte hartuko duten arrandegiak:
- Amasa-Villabona: Sagastume.
- Anoeta: Anoeta.
- Ibarra: Bikoitz.
- Tolosa: Belen, San Sebastian, Kaia eta Sanz.
- Zizurkil: Zubeldia.