‘Egin nirekin ere euskaraz’, ostalaritzako langile arrazializatuei euskaraz egiteko deia

Ayuntamiento de Tolosa
18/02/2025 | Euskara y Educación
  • UEMAren kanpainarekin bat egin du Tolosako Udalak. Helburua da herritar euskaldunen hizkuntza-portaeretan eragitea, azaleko koloreagatik herritar horiei euskara ez ukatzeko.

 

Kanpaina bat jarri du martxan UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, euskaldunen hizkuntza-portaera bati buruz ohartarazteko: ostalaritzan eta merkataritzan ari diren langile arrazializatuekin dituzten jokabideei buruz, hain justu. UEMAk azaldu duenez, hainbat lekutatik jaso dute kezka herritarren aurreiritziekin lotuta: jatorri atzerritarreko herritarrei erdaraz egiten dietela euskaldun askok, nahiz eta haiek euskaraz jakin. Horren aurrean, aldarrikatu nahi dute euskara kolore askotakoa dela, eta badirela jatorri atzerritarreko euskaldunak. UEMAko kide den aldetik, Tolosako Udalak bat egin du kanpaina horrekin.

Orain bi urte ere egin zuten antzeko kanpaina bat; orduko hartan, ume arrazializatuekiko hizkuntza-jokabideez ohartarazi zuten, haur horiei erdaraz egiteko joera hedatua dagoela eta. Bigarren kanpaina honetan, ostalaritzako eta merkataritzako langileei erreparatu diete.

Kanpainarekin lotuta, hainbat herritarren lekukotasunak jaso ditu UEMAk —tartean, Amin Boumediene tolosarrarena—, eta kontatu dute nola euskaldun askok egiten dieten zuzenean erdaraz, beren azaleko koloreagatik. UEMAk ohartarazi du jokabide horrekin euskara «ukatu» egiten zaiela herritar horiei. «Kanpokoak direla esaten zaie zeharka». Hizkuntza-portaera horiek aldatzea da Egin nirekin ere euskaraz kanpainaren helburua.

Bideoa: https://www.youtube.com/watch?v=Scide9T-XnY&t=117s 

Euskarri grafikoak: https://www.uema.eus/eu-ES/Albisteak/Orriak/20250217-nirekinEREbai-UEMA.aspx