Bilera irekia, hezkuntza-arloko politikak aztertzeko

Ayuntamiento de Tolosa
15/12/2025 | Euskara y Educación
  • Tolosako Hezkuntza Kontseiluak batzar irekia egingo du asteazkenean: 2025eko jardunaren berri emango da, eta 2026rako erronkak aurkeztu.


Tolosako Hezkuntza Kontseiluak orain urtebete pasatxo hasi zuen bidea, 2024ko urrian, Udalak aho batez onartuta. Hezkuntza-arloko eragileen arteko elkarlana bideratzeko foroa da Hezkuntza Kontseilua.

Bi organotan egituratuta dago. Alde batetik, hilero-hilero elkartzen da Batzorde Iraunkorra, kide hauekin: oinarrizko hezkuntzako ikastetxeak (Samaniego, Orixe, Herrikide eta Laskorain), Udaleko talde politikoak eta udal-teknikariak. Batzorde iraunkor horren eskutik, elkarlanerako hainbat jarduera bideratu dira ikastetxeen artean.

Bestetik, Kontseiluaren Osoko Bilkura, non hezkuntza-arloko eragile guztiek parte har dezaketen, baita edozein herritarrek ere: irekiak dira bilkurak. Hain justu, bilera ireki hori izango da asteazkenean, abenduaren 17an, 18:00etan, kultur etxean (lehen solairuan). Helburua izango da 2025ean egindako jardunaren berri ematea, eta 2026rako erronka nagusiak aurkeztea. Bilera irekia denez, interesa duten herritar guztiak joan daitezke.