Hondakin bilketa indartu egingo du udalak inauterietarako

Ayuntamiento de Tolosa
19/02/2020 | Medio Ambiente
  • Gorosabelen, Euskal Herria plazan, Lapurdi plazan, Alongidan, San Frantzisko pasealekuan, Zerkausian, Amaiur parkean eta geltokian edukiontzi gehiago jarriko dira.

  • Hondakinen bilketaz gain, kale garbiketa zerbitzua ere indartu egingo da ostegunetik asteazkenera bitartean.

 

Hondakin bilketa zerbitzuan hainbat egokitzapen egingo dira datozen egunetan, inauteriak direla-eta zerbitzua indartu egingo baitu Tolosako Udalak. Hondakin bolumen handia sortu ohi den egunak izaten dira inauterietakoak, eta antolatutako ekintzak zuzen gauzatu aldera, edukiontzi kopurua handitu, bilketa areagotu eta kale garbiketa zerbitzua indartu egingo da.

Hala, Gorosabelen (Musika Eskolan), Euskal Herria plazan, Lapurdi plazan, Alondigan, San Frantzisko pasealekuan, Zerkausian, Amaiur parkean eta tren geltokian edukiontzi gehiago jarriko dira. Beira, kartoia, plastikoa, materia organikoa eta errefusa jasotzeko edukiontziak izango dira. Euskal Herria plazan, Alondigan, Zerkausian eta Lapurdi plazan jarritako edukiontziak egunero hustuko dira. Beira bilketa, berriz, ostiralean, astelehenean eta asteazkenean egingo da.

Horrez gain, bandejak ere jarriko dira Agintari, Barrena eta Soldadu kaleetan, musika eskola parean, Euskal Herria plazan, Oria hotelaren alboan, Nafarroa Etorbidean eta San Estebanen. Ostegunetik igandera bitartean bete ahala ordezkatuko dira bandejak, eta igandean, astelehenean eta asteartean egunero hustuko dira.

Kale garbiketa zerbitzua ere indartu egingo du Tolosako Udalak inauterietako egunetan. Zerbitzua indartzeko tresneria eta makineria gehiago bideratuko da, eta garbiketa gaueko zerbitzuaren amaieran edo goizeko zerbitzuaren lehen orduan egingo da.

Sortzaile bereziak

Sortzaile berezien kartoi bilketarik ez da egingo ostegunetik asteartera bitartean, eta arrandegien hondakin bilketa ostiralean eta larunbatean bakarrik egingo da; bi kasuetan, eguerdian. Gainontzeko egunetan ez da arraindegien hondakin bilketarik egingo.