Aurten ere, eskolek urteroko landaketari eutsiko diote.

Ayuntamiento de Tolosa
15/02/2022 | Medio Ambiente
  • Eskolako Agenda 2030 proiektuaren ikasleak Zuhaitz Eguna ospatuko dute. Tolosako Ingurumen Zentroaren laguntzaz, gorostiak eta erramuak landatuko dituzte Amarotzeko basoaren biodibertsitatea handituz.

 

Tolosako Udalak, urtero, otsaila-martxo bitartean Zuhaitz Eguna egin ohi du. Aurten ere, Udalak urteroko landaketari eutsiko dio eta beste behin, ikasle komunitate osoa ordezkatuz, ikastalde baten laguntza izango du zuhaitz landaketa egiteko. Aurten Laskorain ikastolako 5. mailako ikasleen txanda izango da.

Guztira 100 ikasle inguru izango dira parte hartu dutenak, beraien irakasleek lagunduta, Tolosako Ingurumen Zentroak Udalarekin antolatutako ekimenean.

Hori dela eta, gorostiak eta erramuak landatuko dira Amarotzeko basoan, natur eremu honen biodibertsitatea handituz. Bide batez, landare horiek babes-pantaila funtzioa betetzea lortuko da. Lan horretan Goroldi taldearen laguntza izango dute ikasleek.

Urtero egiten den zuhaitz landaketak, zuhaitzek gure ingurumenean duten garrantzia gogorarazteko helburua ere badu: klima aldaketaren abiadura moteltzen laguntzen dute, kutsadura gutxitzen dute eta herritarrak lasaitzeko eragin handia dute, adibidez.

Ekitaldi xume honen helburua, herritar gazteen artean naturaren aldeko ekintzak sustatzea, zuhaitz, baso eta berdeguneekiko heziketa eta sentsibilizazioa bultzatzea eta herriko egunerokotasunean partaidetza praktikan jartzea da. Ekimena, aurten Tolosaldeko ESKOLAKO AGENDA 2030 proiektuaren baitan herriko gazteek lantzen ari diren gaiarekin bat dator: Basoak.

Laskoraineko taldeekin landaketa egiteaz gain, herriko lehen hezkuntzako ikasleek zuhaitzek ematen dizkiguten onurak lantzeko eta zuhaitzei buruz gehiago jakiteko materiala landuko dute.

Amarotzeko basoa

Landaketa egingo den basoa, haritz amerikarrez osatua dago eta bere inguruan, pinudi bat dago. 2020an hasi zituen Udalak eremua berreskuratzeko lanak. Gazte talde batekin antolatutako auzolandegian sastrakak kentzeko lanak burutu eta bideak egokitu ziren. Ondoren odonatuen (burruntziak eta sorgin orratzak) zein anfibioen mesederako eta inguruko biodibertsitatea areagotzeko asmoz, urmael bat sortu zen.

Gaur egun Basoeskola proiektua lantzeko erabiltzen da natur eremu hau eta egunero, haur hezkuntzako eta lehen hezkuntzako neska-mutilak gerturatzen dira naturan bizitzeko eta hezitzeko helburuarekin.

Baina ez dira hemen bukatuko baso hau berreskuratzeko lanak. Datozen egunetan beste hainbat ikastaldek landaketa gehiago egingo dituzte natur gune honetan baso eder bat sortzeko asmoz, espezie ezberdinetakoa aprobetxamendu didaktikorako eta tolosar guztien gozamenerako.

 

Landaketa eguna: Otsailak 17, osteguna (goizez)

Tokia : Amarotzeko basoan