Bizikletak konpontzeko gune ireki bat izango du Tolosak

Ayuntamiento de Tolosa
14/06/2022 | Medio Ambiente
  • Gaur hasi dira gunearen prestaketa lanak Tolosako Zumardi Handian, eta ikasturte berrian irekitzea aurreikusten da

 

 

Bizikletak konpontzeko eta lan hori egiten ikasteko herritarrei zabalik egongo den ‘Gurpilgunea’ espazioa hasi da itxura hartzen Zumardi Handian.

Eskualdean mugikortasun jasangarria sustatzeko estrategian ezarritako puntuetako bat da, Tolosaldea Garatzenek eta Zumardia elkarteak sustatua, Tolosako Udalaren eta Tolosaldeko Mankomunitatearen laguntzarekin.

Tolosako Zumardi Handian kokatuko da, eta bizikleten inguruko eskualdeko espazio erreferente bihurtzea du helburu. Horrela, kutsadura maila jaisten lagunduko duen mugikortasun jasangarriago bat sustatzearekin batera, bizikleten birziklapen eta berrerabilpena indartu nahi da.

Izan ere, konponketarako tailer irekiaz gain, oinarrizko prestakuntzarako ikastaroak ere antolatuko dira bertan, Zumardia elkarteak dinamizatuta. Ez hori bakarrik, gerora, irteerak, truke-azokak eta bestelako ekintzak ere antolatu nahi dira.

Jasangarritasuna oinarrian duen proiektua izanik, kontenedore berrerabilgarriekin osatuko da gunea. Gaur hasi dira jartzen, eta hurrengo asteetan egokitzapen eta atontze lanak egingo dira. Ikasturte berrian erabilgarri izatea aurreikusten da.