-
Errotuluak euskaratzeko eta enpresetan euskara planak bultzatzea dute helburu Udaleko Hizkuntza Politika eta Hezkuntza Departamentuak egindako deialdiek.
-
Edozein zalantza argitzeko, Euskara sailera (Plaza Zaharra 6) bertaratu daiteke, 943 69 75 00 telefonora deitu, edota euskara@tolosa.eus-era idatzi.
Tolosako Udalak bertako enpresetan zein establezimendu komertzialetan euskara sustatzeko bi diru-laguntza lerro zabaldu ditu: zehazki, errotuluak euskaratzekoa eta enpresetan euskara planak bultzatzeari dagokiona.
Lehenegoaren kasuan, establezimenduaren kanpoko errotuluak eta hizkuntza paisaia euskaraz jartzea bultzatzea du helburu. Funts horrekin, euskara hutsean idatzitako errotulu berriaren %50a ordainduko dio Udalak eskatzaileari, 450 euroko mugapean. Diru-laguntza establezimenduaren fatxadan jarritako errotulu nagusiarengatik emango da, nahiz eta, establezimenduaren hizkuntza paisaia finko eta aldakorrak (erakusleihoa, toldoa, barruko oharrak, prezioak...) euskaraz ere egon behar duen diru-laguntza jaso ahal izateko. Eskaria errotulu nagusia jarri ondorengo 90 egunen barruan egin behar da. Iaz guztira, eskatutako baldintza guztiak bete zituzten 3 establezimendu lagundu ziren, 820 euroko ekarpenarekin.
Bigarren lerroa enpresetan euskara erabiltzeko planak sustatzeari dagokio. Diru-laguntza eskuratzeko eskaera aurkeztu behar da abenduaren 1a baino lehen. Gehienezko diru-laguntza plana burutzeko izandako gastuen % 50 artekoa izango da, 3.000 euroko mugapean.
Edozein zalantza argitzeko, Euskara sailera (Plaza Zaharra 6) bertaratu daiteke, 943 69 75 00 telefonora deitu, edota euskara@tolosa.eus-era idatzi.