Sexu- eta genero-indarkeriaren aurkako I. Udal Protokoloa

 

 

Erakundeen Arteko Jarduerarako eta Koordinaziorako I. Udal Protokoloa osatu dute Tolosako Udalak eta honako erakunde eta eragile hauek: Osakidetza; Asuncion Klinika; Ertzaintza; Udaltzaingoa; Gizarte Zerbitzuak; Berdintasun Departamentua; Migrazio Saila (Tolosaldea Garatzen); Bilgune Feminista; eta Emakume erasotuak. Helburua da arreta hobea eskaintzea genero indarkeria eta sexu erasoak bizi dituzten emakumeei. Honako hau iaz aurkeztu zen, eta epealdi honetan, zenbait egokitzapen egin ostean, eragile inplikatu guztiek sinatu dute.

Genero indarkeria gizarte osoaren arazoa da; hori dela eta, nahiz eta protokoloa osatzerakoan zenbait eragilek bakarrik hartu parte, aurkeztu zenetik, ahalik eta zabalpen handiena ematen ahalegindu dira, herritar guztiek izan dezaten giza eskubideen urraketa larri honen kontzientzia. Ezinbestekoa da indarkeriaren eta erasoen aurkako kontzientzia aktiboa izatea, eta protokolo honek horretan lagunduko du. Horrela, aurkezpenetik hona, lehen urte honetan, protokoloa egokitu egin da denok elkarrekin lan egiteko tresna izan dadin eta eragile guztiek tresna honen zilegitasuna onartu eta ofizialki sinatu dute.

I. Udal Protokoloaren helburua da, besteak beste, koordinazioa hobetzea etxeko tratu txarren eta sexu-indarkeriaren biktima diren emakumeei laguntzen diharduten erakundeen artean eta babes eta arreta osoa bermatzea emakume horiei arlo ezberdinetan: osasun arloan, polizialean, judizialean eta gizarte arloan. Esan behar da Tolosak egin duen protokoloa ez dela lehendabiziko udal protokoloa, baina, adosterakoan, eragile desberdin askok hartu dute parte, besteak beste, Bilgune Feministatik eta Ertzaintzak. Izan ere, plan honekin, bortxa jasan duten emakumeei asistentzia ematetik harago babesa eman behar zaielako eta gizarteratzen lagundu.

Protokoloaren atzean lanketa luzea dago eta aurrez aipatutako eragile guztien artean adostua izan da. Dena den, protokoloak etengabe hobetzeko helburua du, ez da dokumentu itxia eta aldatzen joango da, unean uneko beharrei egokituz. Gainera, protokoloko akordioetan jasota dago lan-mahai iraunkor bat eratuko dela, zeinak protokoloaren berrikuste jarraitua egingo duen eta hura zabaltzeko eta egikaritzeko lana. Lan-mahai horrek lanean dihardu aurkeztu zenetik eta maiztasunez biltzen da.

Tolosako Udal Gobernuarentzat lehentasuna du genero politiken lanketa sakonak, onartezina delako Tolosako herritarren erdia bigarren mailako herritar izatea. Injustizia hori oinarri hartuta, hainbat pauso ari da ematen Udala, genero politikak aldatu eta indartzeko. Horren adibidea da Ahalduntze Eskola, emakumeen ahalduntzea eta partaidetza sustatzeko antolatutakoa, edota hezkuntza alorrean Hezkidetza planarekin egiten ari den lanketa. Azken hori etorkizuneko Tolosari begira egindako proiektua da. Herriko gazteek umetatik kontzientzia izan dezaten eta etorkizunean Tolosa parekideago bat izan dezagun, orain landatu den hazia da honakoa, aurrera begira bere fruitua emango duena. Bestalde, parekidetasuna Udal osoaren jardunean zehar-lerro moduan ari da lantzen, era transbertsalean, departamentu eta proiektu guztietan kontuan hartuz.

Egungo partaideak:

  • Tolosako Udaleko alkatea

  • Lanbide

  • Gizarte Larrialdietako Foru Zerbitzua

  • Ertzaintza (Tolosa)

  • Tolosako Osasun Zentroa

  • Asuncion klinika

  • Emakume elkarteen ordezkaria

  • Tolosaldeko Migrazio teknikaria

  • Arrats Elkarteko abokatua

  • Tolosako Udaltzaingoa

  • Tolosa Udaleko Gizarte langilea

  • Tolosa Udaleko Berdintasun teknikaria