Biodibertsitatearen Mundu Egunaren harira, hainbat ekintza egingo dira Tolosan

Ayuntamiento de Tolosa
21/05/2021 | Medio Ambiente
  • Bihar, maiatzak 22, da Biodibertsitatearen Mundu eguna eta, horren harira, datozen asteetan ekintzak antolatu ditu Udalak Amarotzeko basoan eta bertan dagoen urmaelaren inguruan.

  • Tolosako Udalak Amarotzeko basoko urmaela Aranzadi Zientzia Elkarteak gidatzen duen Eskoletako Urmaelen Sarean integratzeko laguntza emango du.

 

 

Bihar, maiatzaren 22an, da Biodibertsitatearen Mundu Eguna, eta horren harira, Udalak ekintzak antolatu ditu datozen asteetan Amarotzeko basoa eta urmaela balioan jartzeko ekintzak antolatu ditu Tolosako Udalak. Iaz hasi ziren Amarotzeko basoaren berreskuratze lanak, eta herriko gazte talde batekin elkarlanean, Udalak antolatutako auzolandegietan, urmael bat sortzeko lehen pausuak eman ziren.

Ordutik, herriko ikastetxeek eremua erabiltzen dute bertan baso eskola proiektua garatzeko eta ingurumenarekin lotutako ekintza didaktikoetarako, eta etorkizun hurbilean, Udalak urmaela egokitzen jarraituko du, ingurune naturalak ematen dituen aukerak sustatzeko: bisita gidatuak, hitzaldiak, ingurumen tailerrak...

Eskoletako Urmaelen Sarea

Eremua erabiltzen duten ikastetxeek Aranzadi Zientzia Elkarteak gidatzen duen Eskoletako Urmaelen Sareko partaide izateko interesa agertu dute, eta Udalak Amarotzeko basoko urmaela egitasmo horretan integratzeko beharrezko laguntza emango du.

Ekimena haur hezkuntzatik hasita, irakasleetaraino zabaltzen da eta helburu nagusiak dira ingurumenarekiko kontzientziazioa, planetarekiko errespetua eta espezieen kontserbazioa sustatzea eta bioaniztasuna hobetzea.

Amarotzeko urmaelean, Aranzadiko adituen gidaritzapean, ikasleek egingo dituzte urmaela egokitzeko lanak, eta, lanak amaitu ondoren, ikastetxeek zainduko dute urmaela. Putzura gerturatzen diren animalia espezieak identifikatzeko eta sortuko den bioaniztasuna eta ingurumen aberastasuna aztertzeko aukera izango dute.

Biodibertsitatearen Mundu Eguneko ekintzak

Udalak antolatu dituen ekintzek helburu dute gure inguruetako hezeguneak balioan jartzea, izan ere, oso ekosistema garrantzitsuak izan arren, herritarren gehiengoak ez ditu ezagutzen. Gainera, azken urteetan, gizakiaren jardueren ondorioz hezeguneak lehortu, kutsatu edo suntsitu egin direnez, hainbat putzu artifizial sortzen ari dira leku estrategikoetan odonatuen zein anfibioen mesederako.

Hori horrela, Amarotzeko urmaelaren inguruan egingo dira ekintzak. Alde batetik, atzo, maiatzak 20, urmaela egokitzeko lanak egingo ziren LHko 6. mailako ikasleekin batera, partaideak tamaina txikiko hezegune hauen garrantziaz jabetzeko.

Bestalde, Amarotzeko basoa eta urmaela tolosar guztien eskura egongo denez, Aranzadiko adituek egingo duten bisita gidatuan herritar guztiei putzua ezagutzeko gonbita luzatzen zaie. Ekainaren 2an izango da, 18:00etan. Amarotzeko iturria, frontoiaren ondoan, izango da elkargunea, eta, parte hartzeko aurrez izena eman behar da tolosakoingurumenzentroa@gmail.com helbidera idatziz edo 688 727 983 telefonora deituz.