Asteklima, klima aldaketaren inguruko kontzientziazio astea irailaren 24tik urriaren 3ra

Ayuntamiento de Tolosa
22/09/2021 | Medio Ambiente
  • Irailaren 24tik urriaren 3ra ospatuko da Asteklima Euskadi mailan, eta Tolosako Udalak eta Ingurumen Zentroak hainbat ekintza antolatu dituzte Tolosan, herritarrak trantsizio energetikoaren eta klimatikoaren inguruan kontzientziatzeko.


Euskadiko Klimaren eta Energiaren Astea da Asteklima eta bigarren edizioa ospatuko da aurten Euskadi mailan irailaren 24tik urriaren 3ra. Ekimenaren helburua da aldaketa klimatikoaren erronka globalari tokikotasunetik erantzutea. Jasangarritasunaren alde urratsak ematen jarraitzeko, aldaketa klimatikoa eragiten duten faktoreak gutxitzearen garrantzia zabaltzeko eta herritarren konpromiso maila areagotzeko, hainbat ekintza antolatu ditu Udalak Ingurumen Zentroarekin elkarlanean.

  • Sentsibilizazio kanpaina eskoletan:

Klima aldaketaren ezagutzan sakontzeko jolas kooperatiboak egingo dira 4. mailako ikasleekin. Elkarlana, ingurumenarekiko errespetua, klima aldaketa ekiditeko ohitura onak etab. landuko dira Ingurumen Zentroko hezitzaileek gidatuko dituzten tailerretan.

  • “Krisi klimatikoaren aurrean borrokak eta alternatibak” hitzaldia eta dokumentala:

Irailaren 28an, Topagunean dokumental baten proiekzioa eta hitzaldia antolatu du Udalak. Klima aldaketaren ikuspegitik, ingurugiroaz, pertsonen zaintzaz, justicia sozialaz eta pertsonen eskubideez hausnartuko da saioan. “Asociación Maya UK'UX B'E” erakundeko kide den Edgar de Leon abokatuak emango du hitzaldia, eta Guatemalan lurra eta ibaiaren defentsan bizitzen ari den egoera izango du hizpide. 18:00etan da hitzordua. Edukiera bete arteko aforoa egongo da.

  • Aldaketa Klimatikoari aurre egiteko Tokiko Planaren zirriborroaren aurkezpena:

Tolosako Udala Aldaketa Klimatikoari aurre egiteko Plana garatzen ari da, energia eta klima trantsizioari tokikotasunez erantzuteko helburuarekin. Hori horrela, herritarrei Planaren zirriborroa aurkeztuko zaie irailaren 29an 18:30etan Udal Pleno aretoan. Kontraste saioa izango da eta, ondoren, herritarrek ekarpenak egiteko epea irekiko da.

  • Ibilbide gidatua: aldaketa globala eta landare inbaditzaileak

Idoia Biurrun botanikari tolosarrak, Tolosan eta Ibarran zehar egingo den ibilbidean zehar dauden hainbat landare espezie inbaditzaileen inguruko bitxikeriak kontatuko ditu, hala nola, nondik etorri diren, nola, zein kalte ekologiko eta sozioekonomiko eragiten duten, eta zer egin dezakegun beren hedapena geldiarazteko. Bide batez, ibilibidean zehar, Idoiak inbasio biologikoei buruzko hainbat azalpen orokor eskainiko ditu, esaterako, biodibertsitatea arriskuan jartzen duten bigarren eragilea direla, aldaketa globalaren atzetik, izan ere, bi gertaera hauek, aldaketa globala eta inbasio biologikoak, estuki loturik daude.

Idoia Biurrun irakaslea da Euskal Herriko Unibertsitatean. Bere ikerketa-esparrua landarediaren azterketa da, hau da, baso, larre eta beste hainbat habitaten dibertsitatearen eta ekologiaren azterketa. Aldaketa globalak habitat natural eta seminaturaletan duen eragina da bere aztergai
nagusietako bat. Landare inbaditzaileen hedapenaren kausak aztertu eta landare hauek ekosistematan duten eragina ebaluatzen duten hainbat lan argitaratu ditu.

Urriaren 3an izango da ibilbide gidatua eta bi ordu inguruko iraupena izango du. 11:00etan Skate Parke ondoko zubian izango da elkargunea.