-
Tolosaldeko bikote, familia eta lagun-kuadrillek maiatzaren 26ra arte eman ahal izango dute izena, migrazioa@tolosaldea.eus helbidera idatziz edo egitasmoaren webguneko formularioa betez.
-
Elkar ezagutzea eta sareak sortzea sustatu nahi dute, eta aurreiritziak eta estereotipoak gainditzea.
Bizilagunak egitasmoaren bidez, mahai baten bueltan elkartu nahi izaten dituzte hemen jaiotako familiak eta kanpotik hona bizitzera etorritakoak. Gipuzkoa osoan egiten da egitasmoa urtero, kulturartekotasuna eta gizarte-kohesioa indartzeko helburu.
Jadanik hamabost urte ditu egitasmoak. Aurreko urteetan azaroan egin izan dute, baina, parte-hartzea indartu nahian, aurten ekainaren 1ean egingo dute, Etxean edo parkean, ezagutzea elikatzen! lelopean. Beste helburu bat ere badute: bazkariak egiteko espazioak gehitzea; horregatik, etxeetan ez ezik, bultzatu nahi dute parkeetan ere egitea bazkariak.
Egun horretan, beraz, etxean edo parkean bazkaltzeko elkartuko dituzte familiak edo lagun-taldeak: eskualdeko familia edo lagun-talde bat, kanpotik hona bizitzera etorritako familia edo lagun-talde batekin. Dinamizatzaile baten laguntzarekin, otordua elkarbanatzetik harago joango dira: elkar ezagutzeko eta harreman berriak sortzeko ariketa izango da, aukera emango duena beste kultura batzuetan barneratzeko.
«Jatorri askotako jendea bizi da Tolosaldean, eta, denen integrazioa sustatzeko, beharrezkoa da aniztasun horri balioa ematea. Askotan, beldurragatik, aurreiritziengatik edo estereotipoengatik, ez dira hurbiltzeko pausoak ematen. Bizilagunak izotza apurtzeko modua da, interakzio positiboko ereduak eskaintzen baititu», azaldu dute Sos Arrazakeria elkarteko antolatzaileek, gaur goizeko aurkezpen-ekitaldian. Bertan izan dira egitasmoa Tolosaldea Garatzen garapen-agentziako eta eskualdeko zenbait udaletako ordezkariak, egitasmoaren laguntzaile gisa, baina aurretik parte hartu izan duten herritarrak ere.
Tolosaldean bezala, Bizilagunak egitasmoa egingo dute Donostialdean, Buruntzaldean, Oarsoaldean, Bidasoan, Debaigoenean, Goierrin, Urola Garaian eta Debabarrenean ere. Izena emateko epea zabalik dago maiatzaren 26ra arte (astelehena). Interesdunek mezu bat bidali behar dute migrazioa@tolosaldea.eus helbidera, edo webguneko formularioa bete.



.jpg)
