Tolosako Udalak Aitzol Udal Euskaltegitik kanpo euskara ikasteko diru-laguntzen deialdia zabaldu du: irailaren 30a bitarte egongo da eskatzeko aukera. Laguntza lerro honekin herritarrak euskara ikastera bultzatu nahi ditu Udalak.
Emango diren diru-laguntzen zenbatekoak honako hauek izango dira:
- Aurrez aurreko eskoletan eta modulu konbinatuetan:
- B2 arteko ikastaroetan, matrikularen % 75
- C1 ikastaroetan, matrikularen % 50
- C2 ikastaroetan, matrikularen % 25
- Autoikaskuntza:
- Matrikularen % 75
- Kasu berezietan, baldintza zehatzen baitan, matrikularen %100a.
Diru-laguntza eskuratu nahi duen orok Tolosan erroldatuta egon behar du ikastaroa hasi baino 15 egun lehenago gutxienez, HABEk homologatutako euskaltegiren batean euskara ikastaro batean matrikulatuta eta laguntza jasotzeko gutxienez %85eko asistentzia egiaztatu.
Eskaerak Udaleko sarrera erregistroan aurkeztu behar dira.
Informazio gehiagorako Udaleko Euskara eta Hezkuntza Departamentura jo daiteke (Plaza Zaharra 6), 943 69 75 00 telefonora deitu, edota euskara@tolosa.eus -era idatzi.