-
Gizarte Zerbitzuen Gida eta Zeinu Hizkuntza Interpretazio Zerbitzuari buruzko bideo informatiboak txertatu dira webgunean zeinu hizkuntzan, udalaren zerbitzuak entzumenaren funtzio-aniztasuna duten pertsonengana hurbiltzeko.
-
Helburua da udalaren eta herritarren arteko komunikazioa eta informazio eskubide berdintasuna bermatzea, eta horretarako, webguneko hainbat atal egokitzen ari da udala zeinu hizkuntzara.
Tolosako Udalak udal zerbitzuen berri emateko bi bideo informatibo argitaratu ditu zeinu hizkuntzan, aurrera pausu bat udal zerbitzuak herritar guztiengana zabaltzen jarraitzeko.
Gizarte Zerbitzuen Gida eta Zeinu Hizkuntza Interpretazio Zerbitzuari buruzko bideoak egin ditu udalak Eskuaire elkartearekin elkarlanean, udalaren eta herritar guztien arteko komunikazioa hobetzeko eta informazioa guztiengana irisgarri egiteko. Pixkanaka, udalaren hainbat zerbitzuei buruzko informazioa zeinu hizkuntzan argitaratzen joango da udala.
Helburua da herritar guztien informazio eta berdintasun eskubideak bermatzea eta entzumenaren funtzio-aniztasuna duten pertsonei komunitatean parte hartzeko dituzten aukerak areagotzea; baita zerbitzuak entzumen arazoak dituzten pertsonen behar eta gaitasunetara egokitzea ere.
Zeinu hizkuntza zerbitzua herritarren eskura
Aurten berritu du udalak hitzarmena Eskuaire elkartearekin, Zeinu Hizkuntza Interpretazio Zerbitzua indartzeko. Herritarrek zerbitzua eskuratu dezakete ekintza publiko jakinetan, udaletxean izapideak egiterakoan, sailekin harremanetan jartzerakoan edo antolatzen diren jardueretan. Gaur argitaratu diren bideoak pausu bat gehiago dira udal zerbitzuen inguruko informazioa herritar guztientzat irisgarria izan dadin.
194 tolosarrek dute funtzio-aniztasuna entzumenari dagokionez, Gipuzkoako Foru Aldundiak 2019an egindako desgaitasun balorazioen datuen arabera. Zeinu Hizkuntza Interpretazio zerbitzuaren zabalkundearekin eta zerbitzuen informazioa zeinu hizkuntzan eskainita, herritarren aukera eta eskubide berdintasuna bermatu nahi da.


.jpg)
