‘EmakumeARTEan’, Jabetze Eskolako ikasleen artelanen erakusketa ikusgai, Aranburu Jauregian, urtarrilaren 12tik aurrera

Tolosako Udala
2024/01/09 | Berdintasuna
  • Sorkuntza artistikorako eta ikasleen ahalduntze indibidual eta kolektiborako lau ikastarotan sortu dituzten 245 obra jasoko ditu erakusketak.
  • Erakusketa urtarrilaren 12an inauguratuko da musika emanaldi batekin, eta otsailaren 3ra arte egongo da ikusgai. 

 

Hirugarren urtez, Tolosako Jabetze Eskolako ikasleen artelanen erakusketa jasoko du Aranburu Jauregiak. Sorkuntza artistikorako eta ahalduntze indibidual eta kolektiborako izan diren lau ikastarotan sortutako lanekin osatutako erakusketa da: ‘Sormen akelarrea! Hartu pintzelak eta dibertitu!’ ilustrazio ikastaroa, ‘Xilografia tailerra (linolio gainean): sormena eta aldarrikapenak plazara!’, ‘Nuestras emociones pintadas’ pintura ikastaroa eta ‘Sormenezko argazkigintza ikuspegi feministatik’ argazki tailerra, hurrenez hurren. 56 ikaslek sortutako 245 obra jasoko ditu guztira. 

Inaugurazio ekitaldia, urtarrilaren 12an

Urtarrilaren 12an zabalduko ditu ateak EmakumeARTEan erakusketak eta ikusgai egongo da, Aranburu Jauregian, otsailaren 3a bitarte, asteartetik larunbatera, 17:30etik 20:30era (jaiegunak itxita). Ostiralean, hilak 12, inaugurazio ekitaldia egingo da, arratsaldeko 19:00etan eta bertan izango dira, ekitaldia girotzen, Ane Urbizu akordeoi jolea eta Itziar Vargas biolin jolea. 

Prozesu eta artelanen ezaugarriak

EmakumeARTEan erakusketak Jabetze Eskolako lau ikastaro desberdinetako lanak batzen ditu. Esate baterako, ilustrazio tailerreko lanei dagokienez, teknika hainbat ikasiz, (akuarela, marrazketa, collagea, estanpazioa...) sormenenerako duten ahalmenera hurbildu dira parte hartzaileak. Tailer hau partekatzeko eta sormenarekin esperimentatzeko topagunea izan da eta erakusketan prozesu guztiaren emaitza ikusi ahal izango da. 

Xilografia lanetan, halaber, antzinako teknika honen bitartez, hitzak, irudiak, aldarrikapenak, amets eta desioak linoleo gainean grabatu dituzte parte hartzaileek, eta ondoren paper eta oihal gainean estanpatu. 

‘Nuestras emociones pintadas’ pintura tailerreko ikasleek, bestalde, barne hausnarketa baten bidez, norbere buruari ikusten dizkioten indarguneak eta emozioak margotu dituzte, mandaletan zein abstrakzioetan, autoezagutza eta autokontzientzia handiagoa lortuz.

Argazkigintza ikastaroa landu dutenek, berriz, bi lan burutu dituzte: ikasleek ateratako argazkiekin osatutako collageak, batetik, eta arropa marka ezagun batek emakumeei zuzendutako publizitatearen argazki bidezko parodia kritikoa, bestetik. 

Pili Aguado (ilustrazioa) Oihana Ugarte Iriarte (xilografia), Leire Markinez Calvo (pintura) eta Ura Iturralde Larrañaga (argazkilaritza) izan dira ikastaro horietako irakasleak.