Irulegi eta Murillo de Gallegon auzolandegi itxiak antolatu ditu udalak, lehenengoz, 15 eta 18 urte arteko gazteentzat

Tolosako Udala
2024/05/03 | Kultura, Gazteria, Jaiak
  • Astebeteko egonaldian zehar, indusketa lanak eta abentura ekintzak uztartuko dituzte gazteek, Aranzadi Zientzia elkartearekin elkarlanean.
  • Maiatzaren 17ra arte izango da izena emateko aukera, udalaren webgunean.

 

Duela bi hilabete aurreratu bezala, udalak 60.000 euro bideratuko ditu udan haur eta nerabeen aisialdirako ekintzak antolatzera, parte hartze bidezko aurrekontuen aldaketak medio. Hiru zatitan banatuko da partida hori: Tolosan egingo diren auzolandegien eskaintza indartzera, auzolandegi itxiak antolatzera eta herrian antolatzen diren ludotekek elkarrekin ekintza bateratuak antolatzera.

Lau talde, Tolosako auzolandegietarako

Gazte Topaguneak eta udalak elkarlanean ingurumenari lotutako auzolandegiak antolatu ohi dituzte. Martxoan iragarri moduan, eskaintza hori gehiago osatu du udalak, eta auzolandegi artistikoa ere antolatu du, muralak margotzen ikasteko. 

Apirilean zehar egin da bi aukeretarako izen ematea, arrakastaz, gainera, guztira lau talde osatu baitira. Ingurumenaren inguruko auzolandegietan 35 gaztek eman dute izena; artistikoan, berriz, 18k.

 

Auzolandegi itxiak, Irulegin eta Murillo de Gallegon

Lehen aldiz auzolandegi itxiak ere antolatu ditu udalak, 15 eta 18 urte bitarteko gazteentzat, Aranzadi Zientzia Elkartearekin elkarlanean. Astebeteko iraupena duen egonaldia egingo dute gazteek, uztailaren 1etik 7ra, eta auzolana eta abentura ekintzak uztartuko dituzte. 

Natura eta kultura uztartzeaz gain, auzolanaren bitartez kultur ondarea eta herri nortasuna lantzea izango dira eskaintza honen helburu nagusiak.

Lehen bi egunak Ilundaingo ostatuan igaroko dituzte, eta Irulegin indusketa lanak egiteko aukera izango dute Aranzadiko lantaldearekin batera. Astearte iluntzean Murillo de Gallegora joko dute, eta bertako kanping batean hartuko dute ostatu ondorengo egunetan. Bertan daudela, besteak beste, San Juan de La Peñara eta Loarreko gaztelura bisita gidatuak eta multi-abentura ekintzak egingo dituzte, barrankismoa, raftinga, hidrospeed eta gymkhana. 

Izen ematea dagoeneko abian da, eta maiatzaren 17an amaituko da epea. Udalaren webgunean dagoen formulario baten bidez egin ahal izango da. Leku kopurua baino izen emate eskaera gehiago baleude, zozketa bidez esleituko dira. Behin esleipena eginda, lekua duten horiek bakarrik behin betiko erregistroa egin beharko dute UDATEn edo egoitza elektronikoan. 

Egonaldiaren prezio publikoa hilabete honetako osoko bilkuran onartuko da, baina pertsonako 120 euro ingurukoa izatea aurreikusten da. 

Zalantzak argitzeko, edo izen emate prozesuan laguntzeko, Gazteria Sailarekin harremanetan jarri beharko da, 688 740 164 telefono zenbakira deituta edo gazteria@tolosa.eus helbidera idatzita. Dena den, izena ematen duten gazteen gurasoekin bilera informatiboa egingo du aurrerago udalak.

 

Ekintza bateratuak ludoteka taldeen artean

Udako ekintzetara bideratuko den gainerako aurrekontua, herrian antolatzen diren ludoteka taldeekin elkarlanean ekintza bateratuak antolatzeko erabiliko da. Honen helburua izango da guztiak elkartuz harreman sarea indartzea, udaleku irekien helburu nagusiena dena, alegia. 

Hiru ikastetxeetako ordezkariak eta aisialdi taldeak jada eskaintza hori osatzeko lanean dabiltza, udal ordezkariekin batera, eta xehetasun guztiak aurrerago emango dira.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA