Dirulaguntzak

Hitzordua
Informazio gehiago

 

Atal honetan, Tolosako Udalak, urtero, herritarrei eta herriko eragileei ematen dizkien dirulaguntzen inguruko informazio guztia duzu.

Dirulaguntzen deialdiaz gain, dirulaguntza bakoitzaren inguruko araudia, eskaerak eta justifikazioak egiteko aurkeztu beharreko agirien zerrenda eta inprimaki-ereduak ere aurkituko dituzu, besteak beste.

Hauek dira Udalak abian dituen dirulaguntzen deialdiak:

ETXEBIZITZA


 Tolosan etxeak alokatzeko dirulaguntzak: 90.000 € 

Tolosan ohiko bizileku den etxebizitzaren errenta ordaintzen laguntzeko helburua du, eta hilabetean 300-350 euro ematen dira, lehiarik gabeko konkurrentzian. Tolosan erroldatuta dagoen edonork eskatu ahal izango du, betiere etxerik jabetzan ez badu, Etxebiden izena emanda badago eta beste erakundeetatik dirulaguntzarik jasotzen ez badu.
Eskaera egiteko epea: 2026ko ekainaren 15etik 2026ko uztailaren 15era.

Etxebizitza hutsak eraberritu eta alokairu soziala sustatzeko: 40.000 € (agortuko balitz, beste 40.000 € gehiagorekin osatuko da poltsa)

Diruz lagunduko dira 2025eko irailaren 1etik 2026ko uztailaren 15a bitarteko data izan eta Alokabideren aldeko azken txosten teknikoan jasota dauden eraberritze-lanak. Laguntza Alokabidek eskatutako obraren zenbatekoaren % 50 da, gehienez 6.000 €, edo Alde Zaharreko etxebizitzen kasuan, 12.000 €.
Eskaera egiteko epea: 2026ko ekainaren 15etik 2026ko uztailaren 15era.
 
 

HIRIGINTZA


 Bizitegi-eraikinak eta etxebizitzak, nahiz bestelako eraikinak birgaitzeko: 300.000 €

Eraikinak birgaitzeko ez ezik, energia-efizientzia eta irisgarritasuna hobetzeko zein etxebizitzak egokitzeko laguntzak dira. 2025eko irailaren 12tik 2026ko apirilaren 10era bitartean egindako obrengatik emango dira laguntzak. Zazpi lerrotan banatuko da aurten, eta ez da sailkatuko elementu komun edo pribatiboen arabera. Gainera, udalerri osora zabaldu da aurten deialdia.

  • 1. lerroa: Irisgarritasuna hobetzeko instalazio eta obrak
     
    Igogailurik ez duten eraikinetako igogailuak, arrapala eta plataformak, eskaileren aldaketa… Aurrerantzean laguntza honen onuradun izan daitezke irabazi-asmorik gabeko elkarteak, bizitegi-eraikuntzatzat hartzetik kanpo geratzen diren eraikinetan irisgarritasuna hobetzeko lanak egin ditzaten.

  • 2. lerroa: Inguratzailearen energia-eraginkortasuna hobetzea (teilatua edo fatxada)
     Bai teilatuetarako, bai fatxadetarako, kode teknikoak ezartzen duen transmitantzia termikoaren koefizientea lortzeko beharrezkoa den isolamendua egin beharko da. Teilatuen kasuan, laguntza emango da teilatu guztia aldatzen edo berritzen bada, itxituraren sekzio guztia barne. 

  • 3. lerroa: Eraikinaren egiturazko elementuak sendotzea
     Forjatuak, karga-hormak, portikoen berritzea, segurtasuna hobetzeko lanak, agente xilofagoen aurkako esku-hartzeak… Azken horien kasuan, egin beharreko azterketak eta laginketak ere lagunduko dira diruz.

  • 4. lerroa: Katalogatutako eraikinen inguratzailea eta fatxadako elementuak hobetzea
     Zurezko begiratoki edo balkoiak zaharberritu edo ordeztea; akaberak zaharberritzea; fatxadako baranda, apaingarri edo dekorazio elementuak zaharberritzea; fatxaden gainazala konpontzea; kanpotik igarotzen diren instalazio komunak (kableak) berritzea, berrantolatzea edo ezkutatzea.

  • 5. lerroa: Kanpoko arotzeria aldatzea (Eraikinen Kode Teknikoa kontuan izanda)
     
    Energia-eraginkortasuna eta isolamendu akustikoa hobetzen dutenak.

  • 6. lerroa: Mugikortasun mugatua duten pertsonen eta 65 urtetik gorakoen etxebizitzak egokitzeko lanak
     
    Komuna, igarotzeko ateak; argi, ur eta gas sentsoreak….

  • 7. lerroa: Ikuskaritza Teknikoan egin beharrekotzat adierazita dauden lanak
     
    Aurreko lerroetan sartzen ez diren, baina EITean egin beharrezkotzat adierazita dauden elementu komunen nahiz pribatiboen zaharberritze-lan eta konponketak lagunduko dira.

Eskaera egiteko epea: apirilaren 13tik maiatzak 11ra.

OHARRA: Aurreikusitako laguntzak bateragarriak izango dira, betiere justifikatuz, lan bera lerro bakarreko laguntzetara lotuko dela. Horretarako, proiektuan, bere aurrekontuan, fakturetan zein ordainagirietan bereziki banatuko da lan bakoitza lerro hauen arabera. Aurkeztutako dokumentuetan behar besteko argitasunik ez balego, bateragarritasun hau ukatzeko aukera izango du dirulaguntza hauek ebatziko dituen teknikari edo batzordeak.

 

GIZARTE ZERBITZUAK


 Gizarte zerbitzuen eta osasunaren arloan lan egiten duten Tolosako irabazi-asmorik gabeko elkarteentzat: 78.000 €

Proiektuak, programak eta ekintzak sustatzeko ez ezik, elkarteen mantentze-gastuak laguntzeko ere badira. Egoitza nagusia Tolosan duten elkarteek, gehienez, 7.000 € jasoko dituzte; Tolosan ordezkaritza duten elkarteek 5.000 €. Tolosan egoitzarik edo ordezkaritzarik ez duten elkarteentzat bi aukera daude: a) urtean udalerrian ekintza bat baino gehiago egiten badituzte, plan estrategiko baten barruan, 1.000 €; b) jarduera puntual bakarra antolatzen badute, 500 €. Kontuen justifikazioa 2027ko martxoaren 31 baino lehen egin beharko da.
Eskaera egiteko epea: 
apirilaren 11tik 30era.

Larrialdi-egoeretan proiektu eta ekintza humanitario puntualak egiteko: 15.000 €

Gatazka belikoek edo katastrofe naturalek sortutako egoerak arintzeko, edo oinarrizko beharrak asetzeko GKE eta irabazi-asmorik gabeko elkarteei bideratutako laguntza da, betiere aurreikusi gabeko gertakari baten ondorioz sortu badira. Justifikazioa aurkeztu beharko da gehienez ere diruz lagundutako jarduera amaitzen denetik hiru hilabeteko epean.
Eskaera egiteko epea: 
apirilaren 11tik 30era.

Nazioarteko lankidetzan boluntario aritzen direnentzako: 2.000 €

GKE edo irabazi-asmorik gabeko elkarteren batekin hitzartuta boluntario lanak egitera doazen pertsonei (kooperanteak) zuzenduta dagoen dirulaguntza da. Bidaia-gastu, txerto eta ostatuaren gastuak laguntzen dira, besteak beste, betiere pertsonak berak ordaindu behar izan baditu egonaldian zehar. Laguntzaren gehieneko kopurua 800 eurokoa da.
Eskaera egiteko epea: apirilaren 11tik 30era
.

Garapen bidean dauden herrialdeetan lankidetza-proiektuak egiteko: 30.000 €

GKE edo irabazi-asmorik gabeko elkarteentzako dirulaguntza da, garapen bidean dauden herrialdeetan lankidetza proiektuak egiteko. Bi urtean behin ematen da dirulaguntza hau.
 Eskaera egiteko epea:
 apirilaren 13tik maiatzaren 11ra.
  

EUSKARA


Euskara-ikasle tolosarrentzako dirulaguntzak: 55.000 €

Euskaltegian euskara ikasteko dirulaguntzak dira, Aitzol Udal Euskaltegian nahiz beste euskaltegiren batean aritu diren 16 urtetik gorako tolosarrentzat. A1, A2, B1 eta B2 mailetan, matrikularen % 95 laguntzen da; C1 mailan, % 75; eta C2 mailan % 50.
Eskaerak aurkezteko bi epe daude:

  • Ekainaren 30a baino lehen amaitutako ikastaroak: uztailaren 15era arte.

  • Irailaren 30a baino lehen amaitutako ikastaroak: urriaren 15era arte.

Establezimendu komertzialetako hizkuntza-paisaia euskalduntzeko: 4.000 €

Tolosako establezimenduei zuzendutako dirulaguntza da. Errotuluak, toldoak, ibilgailu komertzialak, webguneak, irudi korporatiboko elementuak (bisita-txartelak, poltsak…), aplikazio informatikoak… euskalduntzeko laguntzak dira.
Eskaera egiteko epea: urriaren 31ra arte.

Lan-arloan euskararen erabilera sustatzeko dirulaguntzak: 5.000 €

Tolosako enpresei bideratutako dirulaguntza. Diruz laguntzen dira euskara-planak, euskara-maila handitzeko ikastaroak, hizkuntza-ohiturak aldatzen laguntzeko jarduerak eta sentsibilizazio-jarduerak.
Eskaera egiteko epea: 
apirilaren 11tik maiatzaren 11ra arte.

 

BERDINTASUNA


 Emakumeen eta gizonen berdintasuna bultzatzen duten elkarteentzako: 10.000 €

Berdintasuna sustatzeko proiektu, programa eta ekintzak antolatzeko, irabazi-asmorik gabeko elkarte edo erakundeei ematen zaien laguntza da; hain zuzen, oinarri gisa informazio, sentsibilizazio eta kontzientzia soziala areagotzeko balioetan eta jarreretan hezteko ekintzak bultzatzen dituztenei. Iazko deialdiarekin alderatuta, balorazio-irizpide eta puntuazioetan aldaketa batzuk txertatu dira:

  • Proiektuaren kalitate teknikoa: 49 p.

  • Proiektuaren genero-ikuspegia: 12 p.

  • Elkartearen historia eta ibilbidea: 8 p.

  • Tolosan ahalduntze indibidual eta kolektiboa bultzatzea: 10 p. (metagarria)

  • Ikuspegi intersekzionala: 5 p.

  • Zaintza-erantzukizunei buruzko neurriak: bizitza, familia, lana... 8 p.

  • Euskararen normalizaziorako irizpideak: gehienez 8 p.

Eskaera egiteko epea: apirilaren 11tik maiatzaren 22ra.
 
 

KULTURA


 Programa eta jarduera kulturalak egiteko laguntzak: 17.000 €

Irabazi-asmorik gabeko kultur-elkarte eta pertsonei zuzenduta dago, programa eta jarduera kulturalak antolatzeko. Ez dago aldaketarik, aurreko deialdiekin alderatuta.
Eskaera egiteko epea:
 apirilaren 13tik maiatzaren 11ra. 

GAZTERIA


 Gazteriarekin lotura duten programa eta jarduerak laguntzeko: 21.000 €

Urteko programazioa lantzeko, elkartegintza sustatzeko, prestakuntzarako, egitasmo puntualak sortzeko edo materiala erosi edo berritzeko banatzen dira. Ez dago aldaketarik.
Eskaera egiteko epea: 
apirilaren 13tik maiatzaren 11ra.  

Gazte Informazio Guneak (GIG) kudeatzeko dirulaguntzak: 4.000 €

14-30 urte bitarteko gazteek Udalaren informazioaren zabalkundean parte hartzen laguntzeko beka-sistemako laguntzak dira, eta gazteek gehien erabiltzen dituzten kanalak erabiltzen dira lan hori egiteko. Zortzi beka banatuko dira.
Eskaera egiteko epea:
  apirilaren 13tik maiatzaren 11ra. 

 

KIROLAK


 Kirol elkarteen urteko jardueretarako eta egiturak sendotzeko: 18.000 €

Irabazi asmorik gabeko kirol-klubei bideratutako laguntza da, haien ohiko jarduera eta funtzionamendua garatzeko. Kontuen justifikazioa 2026ko irailaren 10a baino lehen egin beharko da. Gainerakoan, ez dago aldaketa esanguratsurik.
Eskaera egiteko epea:
 apirilaren 11tik 30era.  

Eskola Kirolaren kudeaketarako egitura espezifikoak sortu eta garatzeko: 50.000 €

Tolosako ikastetxeei edo guraso-elkarteei eskola-kiroleko jardueren kudeaketa eta arreta hobetzeko egitura egonkorrak sortzeko eta garatzeko ematen zaizkien laguntzak dira. Lehiarik gabeko konkurrentzian emango dira. Kontuen justifikazioa 2026ko irailaren 10a baino lehen egin beharko da.

Eskaera egiteko epea: apirilaren 11tik 30era.  

Kirol-jarduera bereziak antolatzeko: 6.000 €

Tolosan, 2026an kirol-jarduera bereziak antolatzeko laguntza da. Gehienez, ekitaldiaren aurrekontuaren % 60 laguntzen da. Eskaera egiteko epea apirilaren 30ean amaituko da; justifikazio-memoriak aurkezteko epea 2027ko urtarrilaren 31ra artekoa da.
Eskaera 
egiteko epea: apirilaren 11tik 30era.  

Tolosako eliteko kirolariak: 3.000 €

Banakako modalitateetan lehiatzen diren Tolosako eliteko, goi-mailako edo errendimendu handiko kirolariei zuzendutako dirulaguntza da, nazioarteko txapelketetan edo ofizialetan lehiatzeak dakartzan gastuekin laguntzeko. Kontuen justifikazioa 2027ko urtarrilaren 31 baino lehen egin beharko da.
Eskaera 
egiteko epea: apirilaren 11tik 30era.

 

MERKATARITZA ETA GARAPEN EKONOMIKOA


 Negozio berriak sustatzeko dirulaguntza (Ekin): 80.000 €

Tolosako hiri-ekonomiako sektoreren batean enpresa-ekimen bat (merkataritza, zerbitzuak, ostalaritza edo turismoa) abiarazten duten pertsonei edo entitateei bideratutako laguntza da. 60.000 € lokalen alokairuarekin laguntzeko bideratuko dira; gainerako 20.000 euroak, berriz,  lokalen erosketa eta eraberritze edo birgaitze gastuekin laguntzeko. Agortuko balitz, laguntza areagotzeko aukera jarri da aurten. Beste 50.000 € bideratuko lirateke kasu horretan (40.000 euro alokairurako eta 10.000 euro erosketa eta birgaitzerako). 

Eskaera egiteko epea: apirilaren 13tik maiatzaren 25era.  

Merkataritza biziberritzeko dirulaguntza (Berriz Tolosa): 45.000 €

Enpresa baten eskualdaketa egin eta Tolosako negozio baten ardura hartu nahi duten pertsonei zuzendua. Dirulaguntzaren zenbatekoa: lokalaren alokairu gastuetarako 25.000 €. Lokalaren erosketa gastuetarako 20.000 €. Kasu honetan ere dirulaguntza areagotzeko aukera ezarri da. Beste 20.000 € bideratuko lirateke kasu horretan (11.000 euro alokairurako eta 9.000 euro erosketa eta birgaitzerako).

Eskaera egiteko epea: apirilaren 13tik maiatzaren 25era.  

Lehiakortasun programarako dirulaguntza: 15.000 €

Tolosako udalerrian eta Apattaerrekan kokatuta egon eta gehienez 50 langile dituzten enpresei zuzendua. Dirulaguntzak garapen esperimentalei, prototipoen ekintzei eta soluzio edo zerbitzu berritzaileei bultzada ematen dieten proiektuak eta horien balioztapena egiteko izango dira. 

Eskaera egiteko epea: apirilaren 13tik maiatzaren 25era.  

EranskinaTamaina
PDF icon Gida216.03 KB
PDF icon Tutoriala6.22 MB

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA