Aitzol Udal Euskaltegia

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako euskaltegi publikoa da Aitzol Udal Euskaltegia. 1982az geroztik ari da helduen euskalduntze-alfabetatzean. Euskara ikasteko eta hobetzeko eskaintza zabala dauka Aitzol Udal Euskaltegiak: maila guztietako ikastaroak ematen ditu (hasiera-hasierako mailetatik goi-mailakoetara), aurrez aurre nahiz autoikaskuntzan, eta ordutegi-aukera oso zabalarekin.

Rondilla kaleko 34. zenbakian dago Aitzol Udal Euskaltegia, Gorosabel eraikinean, hirugarren solairuan (Musika Eskolaren goiko aldean). Harremanetarako:

  • Aurrez aurre, idazkaritzan: 08:30-14:30 (asteazkenetan, 09:00-13:00 eta 16:00-20:00). Irailean eta ekainean, 09:00-13:00 eta 16:00-20:00.

  • Telefonoa, idazkaritzako ordutegian: 943 65 10 06.

  • Helbide elektronikoa: aitzolue@tolosa.eus.


Zer maila ikas daitezke Aitzol Udal Euskaltegian?
Maila guztiak eskaintzen ditu euskaltegiak. HEOC Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumari jarraitzen dio. Sei maila hauek dira: A1 eta A2, oinarrizko mailak; B1 eta B2, maila aurreratuak; eta C1 eta C2, adituen mailak. Dagokion titulua dauka bakoitzak.

image

Nork ikas dezake euskaltegian?
16 urtetik gorako herritarrentzako zerbitzua da euskaltegia. Tolosan erroldatuak bakarrik ez, beste edozein herritar ere izan daiteke Aitzol Udal Euskaltegiko ikasle.


Nola eman daiteke izena?
Irailean izaten da matrikula-garai nagusia, ikasturte osoko ikastaroetarako. Urtarrilean, lekurik baldin badago, matrikulazio laburrago bat egiten da, hutsik dauden postuak betetzeko. Horiez gain, ekainean, hurrengo ikasturterako aurrematrikulazioa egiten da. Aurrez aurre eman daiteke izena, idazkaritzan, edo Udalaren egoitza elektronikoaren bidez.

Epe horietatik kanpo ere noiznahi eska daiteke informazioa euskaltegian izena emateko.


Zenbat diru da?
Ordu-kopuruaren arabera aldatzen da ikastaroaren tarifa. 2025-2026 ikasturtean, hauek izango dira orduko prezioak: aurrez aurreko eskoletan, 1,39 euro; jardun bikoan, 1,95; eta autoikaskuntzan, 2,50. Tarifa desberdina da C2 mailan, ikasketa horien berezitasuna kontuan hartuta: aurrez aurre, 2,09 euro da orduko prezioa, eta autoikaskuntzan, 3,75.

Matrikula doakoa dute familia ugarietako kideek, guraso bakarreko familietako kideek, eta diru-sarrerak bermatzeko euskal sistemaren prestazioak jasotzeko baldintza ekonomikoak betetzen dituztenek.


Badago dirulaguntzarik?
Bai, euskaltegiko ikastaroak diruz laguntzen dituzte hainbat erakundek. Tolosako Udalak ikastaroaren ehuneko bat ordaintzen die Tolosan erroldatutako ikasleei, dirulaguntzen bidez: A1, A2, B1 eta B2 mailetan, % 95ekoa da dirulaguntza; C1ean, % 75ekoa; eta C2 mailan, % 50ekoa. Dirulaguntza jasotzeko, eskoletan % 85eko asistentzia izan behar da.

Tolosan erroldatutako ikasleen kasuan, diruz lagungarri den ehunekoa ikasturte hasieran aplikatzen da. Hala, B2 mailara arte, ikasleak matrikularen % 5 soilik ordaindu behar du; C1ean, matrikularen % 25, eta C2an, % 50. Ikasturtea egoki betez gero, ez dute gehiago ordaindu beharrik; baldintzak bete ezean, ordea, falta zaien zatia ere kobratzen zaie.

Tolosako Udalak ez ezik, Tolosaldeko udal gehienek ere ematen dituzte dirulaguntzak euskara-ikastaroak egiteko, baita Eusko Jaurlaritzak ere, HABE erakundearen bitartez.


Informazio gehiago jasotzeko, jarri harremanetan Aitzol Udal Euskaltegiarekin:

  • Telefonoa, idazkaritzako ordutegian: 943 65 10 06.

  • Helbide elektronikoa: aitzolue@tolosa.eus

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA