Euskal emakume eskultoreen erakusketarekin hasiko da Tolosako Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Egunaren baitako egitarau zabala

Tolosako Udala
2023/11/02 | Berdintasuna
  • Azaroaren 25eko ekitaldiak aurkeztu dituzte Tolosako Udalak, Tolosako Asanblada Feministak, Euskal Emakume Eskultoreak taldeak eta Evaren Alabak Tolosako antzerki taldeak
  • Aranburu jauregian zabalduko dute bihar (azaroak 3) Euskal Herriko 20 artistaren erakusketa abenduaren 9ra arte, eta bisita gidatuak izango dira hiru egunetan 

 

Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Egunaren baitan egitarau zabala izango da Tolosan.  ANDRAGORA, Tolosaldeko Emakumeen Etxean, aurkeztu dituzte datozen egunetarako ekitaldiak Tolosako Udalak, Tolosako Asanblada Feministak, Euskal Emakume Eskultoreak taldeak eta Evaren Alabak antzerki taldeak. 

Azaroaren 25aren inguruko egitaraua Euskal Emakume Eskultoreen erakusketarekin hasiko da bihar, ostirala, azaroak 3. Euskal Herriko 20 artistaren lanak jasotzen dituen Muttertum. Euskal Emakume Eskultoreak erakusketa kolektiboa abenduaren 9ra arte izango da ikusgai, Aranburu jauregian. Asteartetik larunbatera, 17:30etik 20:30era (jaiegunak itxita) izango da ezagutzeko aukera eta bisita gidatuak eskainiko dira, bi ahotsetako poema irakurketarekin lagunduta, ondoko egun eta orduetan: azaroak 15, 19:00etan (euskaraz); azaroak 22, 19:00etan (gaztelaniaz) eta ikastetxeei eskainia, azaroak 23, 10:00etatik 11:00etara eta 11:30etik 12:30era. Tailerrak, berriz, azaroaren 10ean, 18.00etan eskainiko dira eta parte hartzeko berdintasuna@tolosa.eus helbidera idatzi beharko da. 

Gainera, larunbat honetan, azaroaren 4an, Evaren Alabak taldearen Ring antzezlana ikusteko aukera izango da, 19:00etan, Aranburu jauregian. Antzezlanak, alde batetik, diskurtso feministaren eta norberaren jokabidearen artean dauden kontraesanak eta sistema zehatz batetik zahartzaroa, loditasuna eta inperfekzioa baztertzen dituen zapalkuntza jasaten duen emakumeen gorputzaren gaia azaleratzen ditu. Eta, bestetik, portaera matxistak eta bortitzak aldatzeko indarkeria erabili behar den ala ez mahaingaineratzen du. Umorezko antzezlan bizia, kritikoa eta aktiboa da.  

Bestalde, Tolosako Asanblada Feministak antolatuta Alokairu sabelak hitzaldia eskainiko du Garbiñe Biurrunek azaroaren 7an, 19:00etan, Topic-en. 

Azaroak 25, Trianguloan aldarrikapena

Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Egunean, azaroaren 25ean, Trianguloa izango da aldarrikapenerako gunea. Hala, manifestazioa 19:00etan egingo da eta Tolosako Asanblada Feministak antolatuta Numen dantza taldeak saioa eskainiko du eta ondoren, Euskal Emakume Eskultoreak taldeak, berriz,  Indarkeria sexistaren aurkako litaniak performance-a.