Bertako Haragien Azoka, maiatzaren 2tik 5era Tolosan: inguruko ekoizleak eta haragien aniztasuna ezagutzeko aukera

Tolosako Udala
2024/04/25 | Merkataritza, Feriak eta Turismoa
  • Formazioa, dastaketak, salerosketa eta festa uztartuko ditu, haragiaren sektoreko ekoizleei eta eskaintzaren aniztasunari ikusgarritasuna eman nahian.
  • Egitaraua tolosakoazoka.eus/haragienazoka webgunean dago ikusgai; bertatik egin ahal izango dira hitzordu batzuetarako izen emateak.

 

Euskal Herriko haragi mota ezberdinen erakusleiho izango da Tolosa, maiatzaren 2tik 5era, Bertako Haragien Azokari esker. Lau egun horietan formazioa, dastaketak, salerosketa eta festa uztartuko ditu hitzorduak, beti ere inguruko haragian zentratuta. 

Gaur aurkeztu da egitasmoa Aitor Agirresarobe (Tolosako Udaleko Merkataritza, Turismoa eta Azoketako zinegotzia), Miguel Cruz (Cárnicas Alejandro Goyako arduraduna) eta Izaro Zubiriaren (Lizartzako Ueta baserriko abeltzaina) eskutik.

Ikuspegi aldaketa

Aurreko urteekin alderatuta, ikuspegi aldaketa ekarriko du haragian zentratzen den azoka bereziak, bertako haragien ekoizpenean sakonduko baitu aurten. Modu horretara, inguruko ekoizleak eta beren proiektuak ikusgarri egitea da helburu nagusia, baita horiek duten haragi aniztasuna balioan jarri eta sukaldatzerakoan dauden aukerak ezagutzea ere. 

Izan ere, asko dira gurean ekoizten diren haragi motak, gero harategietan eros daitezkeenak edota erretegi eta jatetxeetan dastatu ahal direnak: behikiak, oilakiak, ardikiak, zaldikiak edo txerrikiak, besteak beste. Aniztasun horren erakusle izango da Haragien Azoka.

«Tolosaren nortasunaren parte izan da haragia, kate osoan, gainera: baserrietako lanetik hasi, eta erretegi eta jatetxeetako ohituretaraino, harakinek eraldaketan egiten duten lanaz ahaztu gabe. Gure txikitasunetik sektorea sustatzen laguntzen jarraitu nahi dugu, haragia zentzurik zabalenean eta eskaintza osoa kontutan hartuta. Ohiturak, askotan, haragi mota berak kontsumitzera bultzatzen badu ere, aukera zabal hori erakarri nahi izan dugu, hainbeste kontsumitzen ez diren haragi-motak eta piezak ere gerturatuz. Ekoizleen eta harakinen lanari bultzada ematea eta gastronomia sustatzea dira gure helburuak, eta horregatik zentratu gara eskaintza osoan», azaldu du Aitor Agirresarobe, Merkataritza, Turismoa eta Azokak Saileko zinegotziak. 

 Osteguna, maiatzak 2: sektoreaz hausnartzen

Azokaren lehen eguna, maiatzaren 2a, solaserako eta hausnarketarako eguna izango da. ‘Elkartu eta elkarbanatzen’ topaketa egingo da Tolosako Kultur Etxean, haragiaren sektoreko profesionalak elkartu, errealitateen inguruan eztabaidatu eta esperientziak partekatzeko.

 

Bi hitzordu izango dira topaketa horren barruan. Batetik, Nerea Vianak, Sakanako Garapen Agentziako Elikadura teknikariak, Kalaska Kooperatiba ezagutzeko aurkezpen-hitzaldia emango du. Hain zuzen, bailarako abeltzainekin batera Sakanako hiltegia berritu eta haragia eraldatzeko zatitze gune kolektiboa sortu zuten. Eredu horren nondik norakoak partekatuko ditu hitzaldian.

Ondoren, ‘Haragiaren lurraldea: aukera eta erronkak’ izeneko mahainguruan parte hartuko du, sektoreko beste hiru emakumerekin batera: Izaro Zubiria (Lizartzako Ueta baserriko abeltzaina), Helena Muñagorri (Muñagorri Harategiko harakina), eta moderatzaile lanetan arituko den Josebe Blanco (‘Hausnarrean’ liburuaren idazlea eta artzaina).

Ostirala, maiatzak 3: ikusi, ikasi eta dastatu

Ostiralean ere jarraipena izango du eskaintza formatiboak, eta Tolosako Zerkausia ikasgela bihurtuko da. Haragiaren ekoizpenean zentratu ordez, ordea, despiezea eta gastronomia uztartuko ditu ‘Haragi ezberdinen zatikatze eta kozinatzea’ izeneko ikastaro praktikoak.

Miguel Cruzek (Cárnicas Alejandro Goyako arduraduna) hainbat animaliaren haragi piezak nola zatikatu azalduko du. «Batik bat arkumea, behia, txerrikumea eta oilaskoaren inguruko azalpenak jasoko dira ikastaroan. Helburua da etxera eramaten ditugun baina horren ohikoak ez diren piezak aprobetxatzen ikastea», azaldu du.

Bien bitartean, alboan, zuzeneko sukaldaritza erakustaldia egingo dute Javi Riverok eta Gorka Ricok (AMA), Xabi Gorrotxategik (Casa Julian), Joxe Mari Barriolak (Barriola Harategia) eta Felix Belaunzaranek (Iriarte Jatetxea). Bakoitzak bere etxeko espezialitate bat prestatuko du.

Ikastaroa doakoa da, baina bertaratzeko tolosakoazoka.eus/haragienazoka web orrian izena ematea ezinbestekoa izango da.

 Larunbata, maiatzak 4: ekoizleen azoka eta dastaketa

Bertako Haragiaren Azokak, entzutetik bezala dastatzetik ere izango du. Larunbatean Bertako Haragi Ekoizleen Azoka izango da Trianguloak. Orotara zazpi postu izango dira: Aralar.eko (Moxal haragia, Amezketa); Zuzitza (Txahal haragia, Amezketa); Ueta Etxaldea (Txekor haragia, Lizartza); Joseba Altuna (Euskal Herriko baserriko oilaskoa, Amezketa); Perrapa baserria (Baserriko txekor haragia, Hernani); Berastegiko arkumea (herriko arkume ekoizle talde bat); eta Amalarre, Izarre-Txiki baserria (Galloway eta Aberdeen Angus arrazako behien haragia, Bidania-Goiatz). Postuetako batzuk proiektuen inguruko informazioa soilik izango dute, eta beste batzuk salmenta zuzena ere egingo dute. 

Haragia dastatzeko aukera ere izango da Trianguloan, zuzeneko erreketak izango baitira aurten ere. Azokako postuetako haragi pintxoez gain, Txomin Parrillak bertako haragi pieza ezberdinak txingarretan erreko ditu, eta horien pintxoak eskainiko ditu. Hamar arkume -lau burduntzira eta beste sei zikiro erara-, 60 kilo saiheski, hiru basatxerri urdaiazpiko eta 30 Lumagorri oilasko erreko ditu, hain zuzen, teknika ezberdinak erabiliz. Pintxoen tiketak egunean bertan erosi beharko dira Trianguloan bertan jarriko den etxolan.

Ostiraletik igandera: foodtruck-ak eta festa giroa Zumarditxikian

Festarako tartea ere izango da. Zumarditxikian foodtruck gunea izango da, haragia oinarri duten proposamen gastronomikoez eta zuzeneko musikaz gozatzeko. Gune hau ostiralean (18:00-00:00), larunbatean (12:00-00:00) eta igandeean (12:00-18:00) egongo da zabalik.

Zortzi postu izango dira gune horretan: Ama, Hacarygua, Goya, Baldorba Ardoteka, Rafa Gorrotxategi, Iparra Beer, Mawa eta Ondalan. Hein handi batean Tolosaldeko eta Euskal Herriko ekoizleen produktuekin osatutako platerak eskainiko dituzte: hanburgesak, taloak, oilaskoa… baita gozoak ere.

Musika eskaintzari dagokionez, estilo ezsberdinetako taldeen zuzeneko kontzertuak antolatu dira: STR, Esanezin, Bele, Petti, Andoni Ollokiegi, Ane Martija, DJ Katanga, eta Lilo taldeak igoko dira oholtzara. Ikuskizunen ordutegiak webgunean ikus daitezke.

Igandea, maiatzak 5: lehiaketa

Igandean, azokako azken egunean, lehengo urtean estreinatutako Euskadiko Autore-Hanburgesa Lehiaketaren II. edizioa ospatuko da. Hanburgesa berritzaile onena eta hanburgesa tradizionalik onena ekoizten duten harategiek eramango dituzte txapelak etxera.

Egitaraua eta izen emateak

Hitzordu guztiak irekiak izango dira eta mokaduak edo edariak hartzeko tiketak leku berean erosi ahal izango dira egunean bertan. Hala ere, osteguneko topaketarako eta ostiraleko  tailerrean parte hartu nahi duenak webgunean izena eman beharko du. Informazio guztia eta egitarau xehetua https://tolosakoazoka.eus/haragienazoka/ webunean daude eskuragarri.

Egitaraua | Bertako Haragien Azoka 2024

 


Maiatzak 2, osteguna

18:30, Kultur etxea. ‘Elkartu eta elkarbanatzen’ Jardunaldia

  • Kalaska kooperatiba ezagutzen. Nerea Viana (Sakanako Garapen Agentziako Elikadura Teknikaria).

  • ‘Haragiaren lurraldea: aukera eta erronkak’ mahai ingurua: .Josebe Blanco (Hausnarrean liburuaren idazlea eta artzaina), Izaro Zubiria (Lizartzako Ueta baserriko abeltzaina), Helena Muñagorri (Muñagorri harategiko harakina), Nerea Viana (Sakanako Garapen Agentziako Elikadura Teknikaria).

 

Maiatzak 3, ostirala

18:00-20:00, Zerkausia. Ikastaro praktikoa: haragi ezberdinen despiezea eta kozinatzea.

  • Despiezea: Alejandro Goya Harategiko Miguel Cruzen eskutik.

  • Showcookingak: AMA (arkumea), Casa Julianeko Xabi Gorrotxategi (behia), Iriarte jatetxeko Felix Belaunzaran (txerrikumea), Joxe Mari Barriola (oilaskoa).

18:00-00:00, Zumarditxikia. 

  • Foodtruckak, bertako eskaintza gastronomikoarekin eta musika zuzenean.

    • 20:00 – Esanezin

    • 21:45 – Andoni Ollokiegi

 

Maiatzak 4, larunbata

09:00-14:00, Trianguloa. Bertako Haragien azoka. Salmenta eta informazio postuak.

09:00-14:00, Trianguloa. Bertako Haragien erreketa eta dastaketa / Txomin Parrilla

12:00-00:00, Zumarditxikia. 

  • Foodtruckak bertako eskaintza gastronomikoarekin eta musika zuzenean.

    • 13:00 Ane Martija

    • 14:00 DJ Katanga

    • 19:00 Bele

    • 22:00 STR

    • 23:00 DJ Katanga

 

Maiatzak 5, igandea

11:30, Zerkausia. Euskal Herriko II. Hanburgesa Lehiaketa

12:00-18:00, Zumarditxikia. 

  • Foodtruckak bertako eskaintza gastronomikoarekin eta musika zuzenean.

    • 12:00 Petti akustikoa

    • 13:00 Lilo akustikoa