Lanketa pertsonal zein kolektiboa uztartzen dituen egitarau anitza osatu du Tolosako Jabetze Eskolak udaberrirako

Tolosako Udala
2024/03/11 | Berdintasuna
  • Berdintasuna eta feminismoa ardatz hartuta 19 jarduera izango dira udaberrian: ikastaroak, lantegiak, irakurle klubak, solasaldiak…

  • Martxoaren 18an zabalduko da izen ematea udalaren webgunean edota aurrez aurre, ANDRAGORA Tolosaldeko Emakumeen Etxean. 

 

Tolosako Jabetze Eskolak 19 saio antolatu ditu udaberrirako, errealitatea ikuspegi feminista batetik aztertu eta, hausnarketaren, eztabaidaren eta formazioaren bidez, emakumeen ahalduntzean eta parte hartze soziopolitikoan sakontzen jarraitzeko.

Belaunaldien eta kulturen arteko topagunea da Jabetze Eskola, eta lanketa pertsonala eta kolektiboa uztartzen dituzten jarduerak eskaintzen ditu: ikastaroak, tailerrak, irakurle klubak, solasaldiak… Ziklo berria apirilaren 8an hasiko da, eta ekainaren 7ra arte iraungo du. Sormena, identitatearen subjektibotasuna, autozaintza eta osasuna, komunikazioa, edota aldarrikapen feminista izango dituzte hizpide saioek.

Urtetik urtera eskaera handia duten jarduerei jarraipena emango zaie, hala nola, ‘Nuestras emociones pintadas’ pintura tailerrari, Batukada Feminista taldeari, Munduko emakumeen edo Euskal emakume idazleen irakurketa feminista taldeei, edota Sormenezko Argazkigintza eta Xilografia tailerrei. 

Guretzako: munduko emakumeen elkartasuna eta elkartrukea indartzeko gunea

Ohi bezala, jatorri anitzeko emakumeentzako topaleku izaten den ‘Guretzako’ gunea ere izango da, Tolosaldea Garatzeneko Migrazio eta Aniztasun sailarekin elkarlanean antolatuta.

Kulturartekotasuna bultzatzeko ildoari dagokionez, lau ekintza antolatu dira: Lectura fácil, Sesión informativa sobre extranjería/nacionalidad, Yo también tengo estudios, ¿cómo homologarlos? eta kosmetika naturala egiten ikasteko tailerra. 

Gizonak eta feminismoa bateratzen dituen lantegia

Udaberriko egitarauaren barruan, halaber, Tolosako Gizon taldearekin elkarlanean antolatutako lantegia ere eskainiko da, ‘¿Qué y cómo podemos aportar los hombres al feminismo?’ izenpean. Lantegi hori gizonek feminismoarekiko duten zereginaren inguruan dauden erronketan sakontzeko eta aliatua izatea zer den eta zer ordezkagarritasun-mota izan beharko luketen hausnartzeko gune bat izango da.

Izen ematea, martxoaren 18tik aurrera

Matrikulazioa martxoaren 18an, astelehenez, zabalduko da. Bi modura egin ahal izango da: https://tolosakoudala.org/berdintasuna webgunean edota ANDRAGORA Tolosaldeko Emakumeen Etxean. Ekintza bakoitzaren data baino bi egun lehenagora arte izango da izena emateko aukera. Online izapideak egiteko zailtasunak izanez gero, informazioa edota laguntza eskatzeko 688 86 90 23  telefonora deitu edo berdintasuna@tolosa.eus helbidera idatzi ahal izango da. 

Udaberriko egitaraua

  • Emakumeak mugimenduan ikastaroa 

  • Comunicación igualitaria y espacios saludables para mujeres tailerra

  • Batukada feminista ikastaroa 

  • Xilografía tailerra (linolio gainean): sormena eta aldarrikapenak plazara! tailerra 

  • Grupo de literatura de mujeres del mundo - irakurle kluba 

  • Sormenezko argazkigintza ikupegi feministatik ikastaroa 

  • Gatazkak aukera gisa kudeatzea - Ikastaroa 

  • Nuestras emociones pintadas - Tailerra 

  • Meditazioa, garapen pertsonala eta elkarlaguntza - Ikastaroa 

  • Iniciación al bricolaje - Tailerra 

  • Euskal emakume idazleen irakurketa feminista taldea - Irakurle kluba

  • Bizikletan ibiltzearen plazerra eta aukerak handitzea -Ikastaroa 

  • Ilustrazioa ikuspegi feministatik - Tailerra 

  • ¿Qué y cómo podemos aportar los hombres al feminismo? - Tailer irekia

  • Amatasunak, eez amatasunak eta ahaidetasun feministak - Solasaldia 

Ekintza horietako gehiengoak ANDRAGORA, Tolosaldeko Emakumeen Etxean eskainiko dira, beste batzuk, aldiz, Kultur Etxean edota Amarotz Auzo Elkartean. 

-Guretzako-

  • Lectura fácil - Ikastaroa 

  • Sesión informativa sobre extranjería/nacionalidad - Hitzaldia 

  • Yo también tengo estudios. ¿Cómo homologarlos?- Hitzaldia 

  • Kosmetika naturala egiten ikasteko - Tailerra 

‘Guretzako’ espazioko ekintza guztiak ANDRAGORA, Tolosaldeko Emakumeen Etxean eskainiko dira.