Zabalik da udalerri euskaldunetako gazteentzako UEMAk antolatutako udalekuetan izena emateko epea, martxoaren 31 arte

Tolosako Udala
2024/03/01 | Euskara eta Hezkuntza
  • Aurten lehen aldiz bi txandatan egingo dira udalekuak: ekainaren 24tik uztailaren 2ra eta uztailaren 4tik 12ra eta helburu izango dute gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzea, kontzientziatzea eta saretzea.  
  • 2006-2009 urteen artean jaiotakoei zuzenduta daude eta ohiko moduan, ekimen ibiltaria izango da, aurten, Arantzatik Elizondora. 

Beste urte batez, UEMAk, udalerri euskaldunen Mankomunitateak, gazteei zuzenduriko udalekuak antolatu ditu, kasu honetan, 2006-2009 urteen artean jaiotakoentzat, eta gaurtik hasita, martxoaren 31 bitartean, zabalik dago ekimenean parte hartzeko izen-ematea. 

Salto! deituriko udalekuak, bi txandatan banatuta egingo dira aurten lehen aldiz: ekainaren 24tik uztailaren 2ra lehena eta uztailaren 4tik 12ra bigarrena.Txanda bakoitzean 60 lagunentzako lekua egongo da. 

Ohiko moduan, ekimen ibiltaria izango da eta aurten, Arantzan hasi eta, Doneztebe eta Oronoz-Mugaire zeharkatu ondoren, Elizondora iritsiko dira. Herri bakoitzean bi gau pasatuko dituzte gazteek, eta herri batetik bestera oinez mugituko dira.Geldiune bakoitzean, halaber, kantaldiak, kontzertuak, tailerrak, jolasak, solasak eta beste hainbat ekintzez gozatzeko aukera eta tartea izango dute gazteek. 

Salto! udalekuak, beraz, lagunak egiteko eta harremanetan sakontzeko topagunea dira, parekidetasunean, aniztasunean, errespetuan, naturzaletasunean eta parte-hartzean oinarrituta, besteak beste. Euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu biderkatzailea sortzea da helburua. Aisialdiarekin eta euskal kulturarekin lotutako egitarau erakargarriarekin, gazteak kontzientziatu, sentsibilizatu eta ahalduntze kolektiborako urratsa eman nahi da urteroko ekimen honekin. 

Interesdunek lau bide dituzte izena emateko: UEMAren webgunean, 943 816 699 telefonoan, administrazioa@uema.eus posta elektronikoan edota whatsappez, 608 668 155 telefonora idatziz. 

Informazio gehigarria, halaber, UEMAren webgunean dago eskuragarri.