Chaba Seini, Saharako Emakumeen Batasun Nazionaleko idazkari nagusia Tolosan izan da

Tolosako Udala
2024/03/11 | Gizarte Zerbitzuak eta Osasuna
  • Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxera bisita egin du, EAEko Emakumeen Etxeen sarearekin harremanak indartzeko asmoz. 
  • Hori baino lehen, harrera instituzionala egin diote udal ordezkariek, eskualdeko gainerako udaletako, Asanblada Feministako eta Tolosaldea Sahararekin elkarteko kideekin batera.

 

Chaba Seini, Saharako Emakumeen Batasun Nazionaleko idazkari nagusia Euskal Herrian da egunotan, Emakumeen Etxeei lotutako proiektuak bertatik bertara ezagutzen.

Gaur Tolosan egin du geldialdia. Udal ordezkariek udaletxean harrera instituzionala egin eta gero Andragora bisitatu du, eskualdeko udaletako ordezkariekin, eta Asanblada Feministako eta Tolosaldea Sahararekin elkarteko kideekin batera. Urte osoan zehar eragile horiekin batera sahararren borrokari ikusgarritasuna emateko eskualdean antolatzen diren egitasmo gehiagoren berri ere izan du. 

Harremanak indartzea helburu

1974. urtean sortu zen UNMS, Saharako Emakumeen Batasun Nazionala, eta harrezkero harreman estua izan du Euskal Herriko hainbat erakunderekin. Besteak beste, Emakumeen Etxeak sortzeko prozesua partekatu zuten EAEn eta Saharan, eta udalek eta gizarte zibileko eragileek osatutako sare misto bat ere bada. Pandemiak, ordea, harremanak lausotu zituen, eta bisita instituzional honen bitartez lotura hori berreskuratzeko edota indartzeko bidea zabaldu nahi izan dute UNMSk eta Euskal Fondoak.

Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxea ezagutzeko interes berezia erakutsi du Seinik: «Gisa honetako espazioak beharrezkoak dira antolaketa sozialerako. Gure kasuan, emakumeak ahalduntzeko UNMSn egin den lanari esker, kargu garrantzitsuak dituzten emakumeak ditugu gaur egun», azaldu du, egin dioten «harrera beroagatik» eskertuta. 

Ildo beretik hitz egin du Goiuri Ezeiza berdintasun zinegotziak: «guretzat ohorea da Chaba Seini Tolosan izatea. Emakumeek antolatzen eta protagonizatzen dute Mendebaldeko Sahararen erresistentzia. Han, hemen bezala mendekotasun posizio batean jartzen gaitu emakume izateak, baita testuinguru politikoak ere. Eta hori gainditzeko saretzea ezinbestekoa da».

Saharaz, asteazkenean Andragoran

Asteazkenean ‘Insumisas: Mujeres en lucha en Sahara Occidental’ dokumentalaren proiekzioa izango da Andragoran, martxoaren 8ko egitarauaren barruan. Tolosako Udalak, udal gehiagorekin batera, ikus-entzunezkoa finantzatu zuen. Saioa 19:00etan izango da, eta ondoren solasaldia izango da Ana Sanz, Fati Jatri eta Itsaso Anduezaren eskutik.