Tolosako 65 urtetik gorako pertsonen kalteberatasun prozesuak ikertuko ditu ‘Adinbera’ proiektuak

Tolosako Udala
2024/03/12 | Gizarte Zerbitzuak eta Osasuna
  • Tolosako Muñoa Fundazioak sustatuta eta Biogipuzkoa Institutuaren gidaritzapean, Tolosako adinekoen bizi-kalitatea ulertzeko eta hobetzeko ikuspegi integrala eskaintzea du helburu proiektuak. 
  • Datorren asteartean, martxoak 19, saio irekia egingo da, 12:00etan, Kultur Etxean, herritarrei proiektuaren berri emateko eta xehetasunak azaltzeko.

Bigarren urtez jarraian Biogipuzkoa Osasun Ikerketarako Institutuak (Biogipuzkoa OII, lehen Biodonostia OII) ‘Adinbera’ proiektua burutuko du Tolosan, 65 urtetik gorako pertsonen kalteberatasuna aztertu eta horri aurre egiteko bideak jorratzeko. Tolosako Muñoa Fundazioak finantzatu du proiektua eta Tolosaldea ESIaren eta Udalaren laguntza du.

Hain zuzen, ikerketa gauzatu ahal izateko parte hartuko luketen 65 urtetik gorako pertsonen bila dabil orain ikerketa-taldea.

Parte hartzeko prozesua

3 fasetan banatzen da Adinbera proiektua: lehenik eta behin, azterketa-fasea deritzona burutzen da. Fase honetan, elkarrizketak egiten dira parte hartzaileen egunerokotasuna ezagutzeko eta haien bizimoduari buruzko informazioa biltzeko, hala nola, elikadura, gaitasun fisikoa, lo-orduak, gaitzak... Elkarrizketek, halaber, pertsona horien parte hartze soziala, historia pertsonala eta laguntza-sarea ezagutzeko ere balio dute. Horrekin batera, eguneroko jardueren jarraipena egiteko jarduera-eskumuturrekoa jartzeko proposamena luzatzen zaie, jarduera fisikoari buruzko informazioa eta lo-datuak biltzeko.

Bigarren fasean jarduera-eskumuturrekoak kendu eta parte hartzaileen lagin biologikoak jasotzen dira. Hirugarren eta azken fasea, berriz, jarraipen-fasea deritzona da. Bertan, parte hartzaileek jarraipen-bisita bat jasotzen dute Adinberan parte hartzen hasi eta urtebeteko epean.

Adinbera proiektuaren bidez, adinekoen kalteberatasuna baldintzatzen duten eredu nagusiak zehaztu nahi dira, modu horretara faktore aldagarriak identifikatu ahal izateko eta faktore horiek aldatu eta adinekoen bizi-kalitatea hobetuko duten esku-hartze egokirako leihoak zehaztu ahal izateko.

Partaidetza boluntarioa eta izen-ematea

Proiektua aurrera eramateko ezinbestekoa da 65 urtetik gorako pertsonen parte hartzea.Hori dela eta, Tolosako Udalak adin tarte horretako herritarrei dei egiten die egitasmoan inplikatu eta parte har dezaten.

Parte hartzeko interesa dutenek izena eman dezakete jada Adinbera webgunean edota posta elektronikoz, adinbera@bio-gipuzkoa.eus helbidera idatziz.

Informazio saio irekia, martxoaren 19an

Egitasmo hau Tolosan egiten den bigarren urtea bada ere, datorren asteartean, martxoak 19, informazio saio irekia egingo da ikerketa-prozesuari eta proiektuaren helburuei buruzko xehetasunak emateko eta interesa duten herritarren galderei erantzuteko. Saioa 12:00etan egingo da Kultur Etxean, eta gutxi gora behera ordubeteko iraupena izango du.