San Frantzisko 37 eraikina babesteko lehen urratsak emango ditu udalak

Tolosako Udala
2024/02/21 | Hirigintza azpiegiturak
  • Katalogoaren aldaketa puntualaren hasierako onarpena izango dute hizpide datorren asteko osoko bilkuran, ‘Villa Sagrado Corazon’ eraikina babesteko.
  • Etxebizitza kopurua mantenduta, bideragarria den irtenbide bat adostu da sustatzailearekin.

 

Gaur goizeko Lurralde Batzordean xehetasunak azaldu eta onarpena jaso ondoren, datorren asteko osoko bilkuran eztabaidatuko da San Frantzisko pasealekuko 37. zenbakian kokatuta dagoen ‘Villa Sagrado Corazon’ etxea babesteko prozeduraren lehen urratsa.

Katalogoaren aldaketa puntualaren onarpena bozkatuko da datorren ostegunean egingo den osoko bilkuran. Modu horretara, 1905. urtean eraikitako erakina udal-intereseko ondasun higiezinen zerrendan sartzeko Udal Katalogoaren aldaketa puntualari hasierako onespena emateko proposatuko da. Arartekoak maiatzean eta Eusko Legebiltzarrak azaroan, eta aho batez, eraikina babesteko eskaera ere egin zuten.

Behin hori eginda, antolamendu berria arautzeko xehetasun-azterlanaren aldaketa tramitatuko da udalaren eta sustatzailearen artean adostutako irtenbidearen zehaztapenak finkatzeko. Xehetasun-azterlanaren helburua izango da atzealdeko eraikinaren sestrak zein lerrokadurak aldatzea eta bolumena berrantolatzea.

«Bideragarria da irtenbide hau, aurreikusia dagoen etxebizitza kopurua mantenduta, balio arkitektoniko eta historikoa duen erakin bat babestu ahal izango delako. Bide luzea egin da hona iristeko, eta oraindik ere egin beharko da, baina oinarri bat adostu dugu alde guztientzat oreka bilatuta», azaldu du Ander Figuerido Hirigintza zinegotziak.